Musukoaren erabilera, oraingoz gomendagarria baino ez

Noaua Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 8a

Covid19ak eragindako osasun krisialdi garaian dendetan ikusgai izan genituen kartelak.

Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek ez dute adostu musukoaren erabilera derrigortzea momentuz. Oraingoz, beraz, geure inguruan gomendagarria baino ez da izango musukoaren erabilera.

Adostasunik ez, astelehen goiz honetan egin duten lurralde arteko Osasun Kontseiluan. Bilgune horrek erkidego autonomoetako gobernuak eta Espainiakoa batzen ditu. Azkeneko hilabete honetan egin duten laugarren saioa izan da gaurkoa. Bertan, arnasbideetako gaixotasunen hedapenaren bilakaera hartu dute ahotan, eta testuinguru horretan, osasun zerbitzuetan nahiz gune soziosanitarioetan musukoaren erabilera derrigortu edo ez izan dute hizpideen artean.

Jakitera eman denez, ordea, ez dute ezer adosterik izan gai honi lotuta neurriak adostea helburu zuen bileran. Madrilgo gobernuko Osasun Ministerioa musukoaren erabilera aipatu eremuetan erabiltzera derrigortzearen aldekoa da; antza, ez ordea, autonomia erkidegoak. 

Espainiako Gobernuak helarazitako proposamenari alegazioak aurkezteko 48 orduko epea izango dute autonomia erkidegoek. 

Prebentzio neurriak indartzeko aholkua
Honenbestez, momentuz, Usurbili EAE barruan egonik, Eusko Jaurlaritzak adierazitakoari erreparatuz gero, oraingoz, aholkatu baino ez dute egin musukoen erabilera. Lerrootan mintzagai dugun gaurko bileraren aurretik, iragan astean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak arnas-infekzioren baten sintomak izanez gero prebentzio neurriak indartzea gomendatu zuten, "norbera eta ingurukoak babesteko. Era berean, kutsatzeko arriskuaren aurrean, leku jendetsuetan distantzia fisikoa mantentzea, eskuen higienea indartzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul egitean eta doministiku egitean, eta espazioak aireztatzea iradokitzen da". Osasun Sailaren esanetan, "gomendio horiek betetzea funtsezkoa da osasun publikoa babesteko".

Horrez gain, Osakidetzak ohartarazi duenez, larrialdietako eta ospitaleetako edukiera handitu du. Gipuzkoako guneotan 24 ohe gehiago prestatu dituela berri eman du, denak Bidasoako ospitalean. Egoera okertuko balitz, "Donostian 35 ohe daude prest, Zumarragan 12, Mendaron 8 eta Eibarren 20".


Gazteenen eta helduenen artean bereziki
Aipatu moduan, ohikoak diren urte garai honetako gaixotasunen intzidentzia handitzen doa azken aldian. Osasun Sailetik berri eman dutenez, "Arnas Zaintzako Infekzio Akutuaren azken txostenaren arabera (52. astea, abenduaren 25etik 30era), gripearen birusaren zirkulazioak eta COVID-19aren intzidentziak gora egiten jarraitzen dute, eta bronkiolitisaren diagnostikoek eta Arnas Birus Sinzitialaren (ABS) detekzioek behera egin dute".

Zenbakietan, "adin-taldeen arabera, tasarik altuena 0-4 urte bitartekoen taldean erregistratu da (1.852,0 kasu 100.000 biztanleko), eta ondoren 5-14 urte bitartekoen taldean (624,9 kasu 100.000 biztanleko). Tasak jaitsi egin dira aurreko astearekiko adin-talde guztietan, 64 urtetik gorakoen taldean izan ezik".

Kasu guztion artean, ospitaleratzea beharrezkoa izan den kasu larrienen kopurua ere handitu da azken astean; "29,5 kasu izan dira 100.000 biztanleko (20,8/100.000 aurreko astean); adin-talde guztien artean 64 urtetik gorakoak izan dira nagusi".