Igandean Sutegin, 'Artxibo biluzia' egitasmoaren konferentzia performatiboa

Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 08:44

Metrokoadroka kolektiboak Artxibo biluzia konferentzia performatiboa estreinatuko du igande honetan Sutegin. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta gonbidapena eskuratu behar da aldez aurretik, ondoko helbidean: Artxibo biluzia Sutegin. 

Artxibo biluzia Joan Mari Torrealdai Ikerketa Bekari esker Metrokoadroka kolektiboak sortu duen proiektua da, hiru ardatzekin: pieza eszenikoa, idazketa/performance tailerra eta argitalpena.

Sinopsia:

Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten; “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatuko zuen beranduago. Artxibo biluzia pieza sortzeko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu dugu, eta baliabide eszenikoekin betetzen saiatu gara, gure buruari eta publikoari galdera hau eginez: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”.

Konferentzia performatiboa eta antzerkia uztartzen dituen pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen, dokumentu bat akzioa fisikoaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian.