Igande honetan, urtarrilaren 14an 18:00etan hasita Sutegiko auditorioan eskainiko den "Artxibo biluzia" konferentzia performatibo eta antzerkirako gonbidapenak bai, eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman. "Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten; “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatuko zuen beranduago. Artxibo biluzia pieza sortzeko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu dugu, eta baliabide eszenikoekin betetzen saiatu gara, gure buruari eta publikoari galdera hau eginez: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”.
Konferentzia performatiboa eta antzerkia uztartzen dituen pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen, dokumentu bat akzioa fisikoaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian. “Joan Mari Torrealdai beka” jarri dute martxan Usurbilgo Udalak eta Jakin aldizkariak. Hori izan da Metrokoadroka kolektiboaren ikerketa eszeniko hau abiatzeko pizgailua".
Egitasmo honen zuzendaritza eszenikoan Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Oier Guillan aritu dira; Idoia Beratarbide zuzendaritza artistikoan, Imanol Garcia argiztapenean. Danele Sarriugartek, Nagore Legarretak eta Maria Elorzak kolaboratu dute. Oholtza gainean, Intza Alkain eta Javier Barandiaran aktoreak ikusiko ditugu.
Tailerra bezperan
Usurbilgo Udalak sustaturiko Joan Mari Torrealdai beka deialdian Metrokoadroka kolektiboak ondutako "Artxibo biluzia" proiektuaren baitan, literatur idazketa eta performancea uztartzen dituen tailerra antolatu dute bezperan, urtarrilaren 13an. Zortzi orduko saioa izango da Sutegin, ordutegi honetan: 09:30-14:00/16:00-19:30. "Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?". Galdera horren bueltan, “parte hartzaile bakoitzak kontatu nahi duen istorio baten inguruko tailerra” izango da, “istorioei loturiko dokumentuetatik abiatuta. Performancea eta literatur idazketa uztartzen dituen tailerra" antolatzaileen esanetan. Aste hasieran itxi zuten izen-ematea.