Asteazkenean argitu daiteke, osasun zerbitzuetan eta gune soziosanitarioetan musukoaren erabilera derrigortuko duten ala ez. Bi jarrera kontrajarri daude gai honen bueltan; bat Espainiako Gobernuarena. Musukoaren erabilera nahitaezkoa izatea nahi du osasun zerbitzuetan, gomendagarria, aldiz, farmazietan eta gune soziosanitarioetan.
Momentuz, toki horietan guztietan gomendagarria izatearen alde agertu da Eusko Jaurlaritza eta baita beste hainbat autonomia erkidegoetako osasun zerbitzuen arduradunak, astelehen goizean Espainiako Gobernuarekin egin zuten lurralde arteko Osasun Kontseiluan. Saioa adostasunik gabe amaitu zuten; autonomia erkidego batzuetan musukoaren erabilera derrigortzea erabaki dute, lerrootan aipatu ditugun lekuetan. Gehienek aholkagarri izaten segitzea nahi dute ordea; haien artean da, Eusko Jaurlaritza. Azken orduotan kaleratu duen prentsa oharraren arabera, "gainerako autonomia-erkidegoetako asko bezala, ez dator bat, ez formari ez edukiaren zati bati dagokienez, Osasun Ministerioak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluan proposatutakoarekin".
Edukiari dagokionez, osasun sailburu Gotzone Sagarduik azaldu duenez, "Osasun Ministerioak ez du arnas eritasunen eraginari buruzko daturik eman, ez proposatutako neurrien eraginkortasunari buruzko ebidentzia zientifikorik, ezta Ministerioak egindako proposamenak babesteko txostenik ere. Proposamen horien artean, osasun-zentroetan maskarak erabiltzea "unibertsalizatzea" zegoen. Alerten Ponentziak eta Osasun Publikoko Batzordeak ere ez dute aldez aurretik bilerarik egin proposamen hori edo gainerakoak egokiak direla berresteko".
Gomendagarria, prebentzio neurri gehiagoren artean
Espainiako Gobernuak eginiko proposamenari ekarpenak egiteko asteazkenera arteko tartea dute autonomia erkidegoek. Horren aurrean, "Eusko Jaurlaritzak adierazi du edozein proposamenek, lehenik eta behin, Euskadik osasun-arloan dituen eskumenak errespetatu beharko lituzketela, eta, bigarrenik, proposamena Alerten Ponentziak eta Osasun Publikoko Batzordeak (autonomia-erkidegoetako eta Osasun Ministerioko partaidetza-organo teknikoak) berretsi beharko luketela".
Testuinguru honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, musukoaren erabilera gomendagarri izatea proposatzen du Jaurlaritzak, "arnas arazoen sintomak daudenean, norbera eta inguruan ditugun pertsonak babesteko. Era berean, kutsatzeko arriskuaren aurrean, leku jendetsuetan distantzia fisikoa mantentzea, eskuen higienea handitzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul egitean eta doministiku egitean, eta espazioak aireztatzea iradokitzen da". Iradoki bai, derrigortu ez, beraz.
Zenbait hedabideren arabera, asteazken honetan bertan, autonomia erkidegoek ekarpenak egiteko duten epea agortu ostean, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak musukoaren erabilera osasun zerbitzuetan derrigorrezkoa izatea behartu dezake. Auzi hau bihar argitu daiteke, beraz.