Ez da inolaz ere elurterik espero, baina egin dezakeen "prezipitazio txikia" elur moduan jausi daiteke datozen egunotan. Hala dio, Euskalmet meteorologia agentziak asteazken eta ostegunerako plazaratu duen iragarpenak. Abisu horia ezarri du urtarrilaren 10 eta 11rako. Bihar, asteazkena, goizeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte. "Elur-kota 500-800 metro inguruan egon daiteke". Lau zentimetro pila daitezke 600 metrotan. Geurean beraz, Andatza tontor ingurua zuritu dezake.
Biharamunean, hilak 11, abisu horia indarrean izango da berriz elurragatik, gauerditik eguerdira. "400-700 metro inguruan" zuritu dezake goiz partean, Euskalmet-en arabera. Arratsaldean, 800-900 metro inguruan. "Prezipitazio txikia egingo du" ostegunean ere, "bereziki Kantauri isurialdean". 600 metrotan bi zentimetroko lodiera har dezake elurrak utzitako arrastoak.
Negua
Geurera etorrita, beraz, Andatza inguruan egin dezake elurra datozen bi egunotan. Herrian, astearte honetan, albiste honi atxikitako gaur goizeko argazkiak erakusten duen moduan, "goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Zerua tarteka hodeitsu agertuko da eta arratsaldean hodeiak ugarituko dira. Arratsaldean ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da". Bihar, urtarrilak 10, "giro goibela eta tarteka zaparradak botako ditu, arratsalde erditik aurrera tartekatuago. Elur-kota 500 eta 800 metro artean kokatuko da. Hegoaldeko haizea ibiliko da eta arratsaldean iparraldera aldatuko da. Tenperatura minimoak gutxi igo eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Ostegunean, hilaren 11n, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du, batez ere egunaren lehenengo partean. Elur-kota 400-700 metro artean kokatuko da. Ipar-haizea nagusi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Egunotarako iragarpenari lotutako informazio eguneratuaren berri, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.