Sutegi udal liburutegiaren jardunak ez du etenik urte hasiera honetan ere. Azken asteotan, 2023ko Usurbilgo sorkuntzaren uzta ikusgai jarri ostean, urte berriko lehen ekintzak iragarri dituzte asteotarako.
Heriotza, dolua eta joandakoen oroimena bizirik eusteari lotutako ekimen bana antolatu du Sutegi udal liburutegiak datozen egunotarako. Batetik, hurrengo astearterako, urtarrilaren 16rako, arratsaldeko 18:00etan hasita liburutegian bertan, Manex Beristain azpeitiarrak bere "Azken galdera amari" ipuina aurkeztuko du. "Heriotza eta doluari eskutik heldu, eta apaingarririk gabe, begirada goxo bat eraikitzeko proposamena", izango dela aurreratu dute antolatzaileek. "Orain dela 6 urte, bikotearen heriotzak, nire bizitzako zimentu guztiak erauntsi zituen. Dolu prozesuari esker, bizitza berri bat eraikitzen hasi nintzen. Eta ipuin hau, heriotzaren oihala kentzeaz aparte, bizitzari heltzeko saiakera bat dela esango nuke. Ama galdu duen haur baten erresilentziaren aldarria, zinez", dio egileak bere sortze lanaz.
Saioa, HH5etik aurrerako haurrei eta haien gurasoei zuzendua egongo da. Saiorako izena liburutegian bertan eman dezakezue. Ohi bezala, plaza kopuru mugatua izango da.
Joxan Artze gogoan
Bestalde, sei urte beteko dira ostiralean, urtarrilaren 12an, Joxan Artze zendu zenetik. Urtemuga honen testuinguruan, idatziz sortzaile usurbildarra omendu eta oroitzeko aukera eskainiko du Sutegi udal liburutegiak. Izan ere, Artzeri oroimen eta gorazarre mezuak idazteko Erregistro Liburua herritarron eskuragarri jarriko dute ostiralean egun osoz liburutegian.
Gogoan izan, goizez eta arratsaldez zabaltzen dute Sutegiko gunea, ordutegi honetan: 10:00-14:00/16:00-19:30.