Osoko bilkura

Txirikordako bizikidetzari lotutako araudia, behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 10a, 11:05

Urriaren 26ko osoko bilkuran hasieraz eta aho batez onarturiko araudiari inork alegaziorik aurkeztu ez dionez, behin betiko onartutzat jo du Usurbilgo Udalak.

Beste urrats bat negu honetan bertan ireki eta bizilagunak sartzearekin batera abiarazi nahi duten Txirikorda izeneko egitasmoan. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko bizikidetza arautuko duen erregelamendua hasieraz eta aho batez onartu zuten udal ordezkariek urriaren 26ko osoko bilkuran. Gerora, azaroaren 3tik aurrera, 30 egunez alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Udalak. Tarte horretan, inork ez zuen ekarpenik egin. Honenbestez, aipatu araudia behin betiko onartutzat jo du Udalak. Hala jakinarazi zuen urtarrilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean

Araudi horren edukiak dioen moduan, "xedea Ugartondoko Txirikorda eraikinean belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren baremazio eta esleipen prozedura eta funtzionamenduaren oinarrizko elementuak zehaztea da".

Gogoan izan, 18-30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako herrikideak elkarbizitzen jarriko ditu egitasmo aitzindari honek. "Bizitegi baliabideak etxebizitza sozialtzat hartzen dira adierazitako ondorioetarako. Lagatzeko era errentamendua izango da", dio araudiak.

Formazioa
Esleituak daude etxebizitzak, zozketa ere egin zuten iragan maiatzean. Zozketa bidez esleitu ziren gazteei zuzenduriko etxebizitzak, gizarte zerbitzuen baremazio bidez 65 urtetik gorakoenak. Etxebizitzak esleituta, behin betiko onartutako araudiak bizilekua esleitu zaienei zenbait betebehar ezartzen dizkie; batetik, hilabeteotako formazioa egitea. Horrekin batera, "Udalak esleipendun bakoitzari dagokion kanona, eta egin beharreko lan komunitarioa errentamendu kontratuan zehaztuko ditu", dio araudiak.

Asanbladaren eratzea
Eguneroko bizikidetza eta Txirikordako barne funtzionamendua arautuko duena, Txirikorda Komunitateko Asanblada izango da. "Bizilagun guztiek osatuko dute, komunitatearen antolaketaren oinarria izango da, eta egin beharreko komunitate-jarduera kolektiboei buruz erabakiko du, bai barrukoei buruz, bai kanpokoei buruz". Barne araudi bat ere diseinatuko dute. Bertan "ezarriko dira egoiliarrek komunitatearekin dituzten eskubideak eta betebeharrak, bizikidetza-arauak eta Txirikorda eraikinaren espazioen oinarrizko funtzionamendua".      

Aurreikusten duenez, gainera, "Udalak bidelagun bat jarriko du komunitatearen osaketan laguntzeko" eta, gerora, "Udalak beharrezkoa dela ikusten duen aldiro, beti ere bizilagunek autoeratzeko duten eskubide eta betebeharrari kalterik egin gabe. Bidelagunak talde dinamikak sustatuko ditu biztanleak bizitza komunitarioan ahalduntze bidean".  Halere, Udalaren "esku-hartzea ahalik eta txikiena izango da eta komunitatea osatu eta garatzeko egin beharretan laguntzera bideratuko da, komunitatearekin berarekin koordinatuta".

Denboraren bankua
Komunitateak Txirikorda egitasmoko balioak barneratuko ditu; "besteak beste, zaintza, elkartasuna, justizia soziala, errespetua, autogestioa eta komunitatea". Horrekin batera, zenbait betekizun izango ditu. "Lan komunitarioak barne eta kanpo-mailan eskaini eta jasoko dituzte denboraren bankuaren bitartez. Eskaini beharreko denbora, eremu horien kudeaketarekin eta itzulketa sozialarekin loturik egongo dira: jarduerak, asanbladak, elkar-zaintza, formakuntzak, ekitaldiak, herrigintza eta abar".

Bizilagun bakoitzak gutxienez hilabetean zortzi ordu eskaini beharko dizkie lan komunitarioei. Komunitatea izango da hortik aurrera, orduak autoerregulatuko dituena. Hiru ordu komunitario mota finkatuak ditu araudiak: Txirikordako barne-funtzionamenduari lotutakoak, komunitateko kideen artean elkar laguntzara bideraturikoak eta Usurbilgo herri komunitateari eskainitakoak.

Erabilera anitzeko espazioa
Txirikordak erabilera anitzeko espazio bat izango du. Bertan bizi direnen, Udalak edota herri eragileek baliatu ahalko dute. "Espazio publiko honen erabilera Txirikordako Komunitateak Udalarekin adostuko du, Txirikordako Komunitateko ordezkariaren bitartez. Txirikorda Komunitatearen esku egongo da espazio honen kudeaketa eta Barne Araudian egongo dira txertatuta espazioa erabiltzeko irizpideak", dio belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren bizikidetzari lotutako araudiak.

Aipaturiko xehetasun guztiok eta behin betiko onarturiko erregelamenduan, "Txirikordako funtzionamenduko Barne Araudian eta etxebizitza sozialei buruzko araudi nagusian zehaztutako baldintzak ez betetzeak, Udala eta errentariaren arteko kontratua bertan behera uztea ekar dezake". Hiru mailatako arau hausteak zehaztu ditu araudiak; "arinak, larriak edo oso larriak".

Informazio gehiago, urtarrilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso dezakezue.

Kontratu suntsiketa eta lanen amaiera
Txirikordako atea zabaltzetik gero eta hurbilago dago udalerri hau. Izan ere, gogoan izan, Udalak Muriasekin zuen Txirikordako lanen exekuzio kontratua behin betiko suntsitua geratu zela berri eman zuen gobernu taldeak azaroaren 29ko osoko bilkuran. 

Udalbatzak aho batez kontratu hau suntsitzea erabaki zuen, Ugartondon kokaturiko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko lanez arduratu behar zuen Construcciones Murias S.A. enpresak bere gain hartuak zituen konpromisoak ez zituelako bete, eta ez behin, behin baino gehiagotan. Kontratua etenda eta enpresa horrekin orain arteko obrak likidatu ostean, pozarren adierazi dute udal gobernu taldetik, "berriro geureganatu dugu Txirikorda", zioen udal gobernu taldeak azaroa amaierako osoko bilkuran.

Kontratu suntsiketa horrek Ugartondoko eraikinaren lanak amaitzea ahalbidetuko dio Udalari.