Osasun zerbitzuetan musukoen erabilera derrigortzea erabaki du Espainiako Gobernuak

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 10a, 15:21

Espainiako Gobernuak osasun zerbitzuetan musukoa erabiltzea derrigortu die autonomia erkidego guztiei. Agindu honen ohartarazpenik ez duela jaso dio Eusko Jaurlaritzak. 

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gaurtik osasun zerbitzuetan, hau da, anbulatorio edota ospitaleetan musukoa janztea ezinbestekoa izango dela agindu du autonomia erkidego guztietan. Aldiz, bi astez, arnasbideetako birusen intzidentzia murrizten doan lurraldeetan, derrigorrezko izatetik gomendagarria izatera igaroko dela zehaztu du Monica Garcia osasun ministroak. 

Bere ohartarazpena egunean zehar helaraziko dietela autonomia erkidegoei. Agindu hau, indarrean une horretatik aurrera izango dela berri eman du, gainera. Eusko Jaurlaritzak berri eman duenez, momentuz, ez du halako agindurik jaso. "Osasun ministro Mónica Garcíak adierazitakoaren aurka, Euskadik ez du jaso maskarak nahitaez erabili behar direla ezartzen duen agindurik". Orain arte jaso duen dokumentu bakarra, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluarena dela dio Gasteizko gobernuak, asteazken honetako data duena. "Bertan, besteak beste, "akordio" gisa agertzen da osasun-zentro asistentzialetan maskara unibertsalki erabiltzeko betebeharra".

Desadostasunak aste hasieratik
Akordioarena, ordea, gezurtatu egin du Jaurlaritzak. "Egia esan, gaur ez da Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren bilerarik egin, eta ez da gai horri edo beste batzuei buruzko inolako akordiorik lortu". Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren aurrean, "Eusko Jaurlaritzak Ministerioaren jarduteko moduaren inguruan duen harridura helarazi besterik ezin du egin, eta Osasun ministroaren iragarpena agindu batean zehaztu arte itxaron, aginduari buruzko iritzia eman aurretik".

Aste hasieratik agerian geratu da bi erakundeon arteko desadostasuna gai honen inguruan. Astelehenean gai honi buruzko bilera egin zuten Espainiako eta autonomia erkidegoetako gobernuek. Musukoaren erabilera nahitaezkoa izatea nahi zuen Espainiako Gobernuak estatu osoko osasun zerbitzuetan; gomendagarria, aldiz, farmazietan eta gune soziosanitarioetan. Eusko Jaurlaritza eta beste hainbat autonomia erkidego erabilera derrigortuaren aurka agertu ziren.