23. Korrika

23. Korrika martxoaren 19an, gauez helduko da gure artera

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 11a, 12:59

23. Korrikaren antolakuntzak martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan amaitu arteko ibilbidearen berri eman du ostegun goiz honetan. Adi, martxoaren 19an helduko da Usurbila, gauez.

23. Korrika badator! Euskararen aldeko lasterketarekin bat egiteko unea hurbiltzen ari da. AEK pixkanaka aurreratzen doa xehetasunak. Izan ere, ostegun goiz honetan ezagutarazi dute datorren edizioa nondik eta noiz igaroko den, "Harro Herri" aldarripean. Adi, 22. Korrikaren antzera, datorrena ere gauez helduko da gure artera, baina kontrako noranzkoan. 2022ko apirilaren 8an Aginagatik Zubietara zeharkatu zuen udalerri hau. Alderantzizko bidea egingo du oraingoan; Zubietan hartuko du herri honek Lasarte-Oriak utzitako lekukoa eta Aginagako Mapilen oriotarrei helaraziko die.

23. Korrika martxoaren 19an izango dugu gure artean, gauez aipatu moduan, asteartearekin; 22:53 aldera. Mezu sekretua barnean goxo asko eramango duen lekukoa ordubete inguruz izango dugu bertako kale eta bideetan barrena. Izan ere, gauerdian, 23:57 aldera oriotarren esku utzi beharko du Usurbilek. 

Hamar kilometro
22:53-22:57 artean, beraz, euskararen aldeko lasterketa entzutetsuak Zubieta, Santuenea, Kalezar, Kaxkoa, Atxegalde ingurua eta Aginaga zeharkatuko ditu. Guztira, hamar kilometroko ibilbidea osatuko du 23. Korrikak geure artean; lehenengo lau kilometroak Zubietako lurretan barrena egingo ditu, bosgarrena Santuenean, seigarrena Kalezarren. Zazpigarren kilometroan Puntapax ingurura helduko da Korrika. Azkeneko hiru kilometroak N634 errepidetik barrena egingo ditu; hasi Atxegalde paretik eta Aginagako Mapileraino. Hauek 23. Korrikak udalerri honetan egingo dituen hamar kilometroak. Lekukoa hartuko dutenak, ordea, gehiago izan daitezke. Izan ere, kilometro osoa edota erdia erreserbatzen dituzte hainbat eragileek. Edota bide zati bera, elkarte, erakunde edota koadrila batek baino gehiagok eskuratzen dute. Hori aurrerago argituko du Usurbilgo Korrika Batzordeak.  

Bitxikeriak
Bitxikeria moduan, udalerri honi dagokionez, Usurbil izango da Korrika egunotako bati amaiera emango dion udalerria. Izan ere, aipatu moduan, martxoaren 19an helduko da, gauez; gauerdian utziko dio lekukoa Oriori. Bigarren bitxikeria badu baita hitzordu honek; gutxi gorabehera, ibilbidearen lehen erdia eginda hartuko du lekukoa udalerri honek. 2793 kilometroko bidean, 1365-1375 kilometro arteko bide zatia Usurbilena izango da martxoaren 19ko gauean.

Informazio gehiago, korrika.eus atarian.

23. Korrika Usurbildik martxoaren 19an

Ordua Kilometroa Tokia
22:53:38 1365 Zubietako hipodromo etorbideko zubia
22:57:04 1366 Irigoien, 34 (Zubieta)
23:03:34 1367 Learritza pasealekua, 23 (Zubieta)
23:10:04 1368 Learritza pasealekua, 23 – Amiri (Zubieta)
23:16:34 1369 Santuenea, 37
23:23:04 1370 Belmonte, 1 (Kalezar)
23:29:34 1371 Puntapax, 24 (Artzabal)
23:36:04 1372 N-634- 4
23:42:34 1373 N.634-5
23:49:43 1374 Aginaga, 12
23:57:31 1375 N-634 KM- 8, Aginagako Mapil baserriaren aurrean (Hemen Oriok hartuko du lekukoa)