Euskararen aldeko lasterketari ekiteko geroz eta gutxiago falta zaigu. Martxoaren 14tik 24ra izango dela aurreratu zuen urtea amaitu aurretik AEK-k. Irunen hasi eta Baionan amaituko dela jakinarazia zuten. Ostegun goiz honetan, ordea, abiapuntua eta helmuga arteko ibilbidea ezagutarazi dute antolatzaileek. Webgune honetan argitaratu berri dugun beste albisteetako batean jakinarazi dugun moduan, martxoaren 19an, astearte gauez 22:53 aldera iritsiko da ekimena geure artera; Zubietako hipodromoan hartuko du lekukoa herri honek. Hamar kilometroko bidea osatu ostean, Aginagako Mapilen oriotarren esku utziko dute mezu sekretua barnean gordea daraman euskarria.
Eskualdean bitan
Orohar, aurreko edizioetako ohiturei jarraiki, azkeneko edizioa amaitu zen herrialde berean ekingo dio Korrikak bere 23. edizioari. Donostian amaitu zen 2022ko apirilean, Gipuzkoan, beraz. Herrialde berean, baina Irunen hasiko da datorrena. Ohi bezala, hamaika egunez izango dugu euskararen aldeko lasterketa hurbiletik nahiz online zuzenean jarraitzeko aukera.
Erdibidean eta erdibide horretan, egunaren amaieran, gauerdiaren bueltan hartuko du lekukoa Usurbilek. Euskararen aldeko lasterketa geure artera iritsi aurretik, eta Irunen abiatu ostean, Lapurdi, Nafarroa osoa eta Araba ere zeharkatuko ditu. Martxoaren 19an, Gipuzkoara iluntzeko 20:00ak pasatxoan sartuko da Arano aldetik. Beterri Buruntza eskualde honetan, estreinakoz sartuko da Korrika Hernanitik barrena. Handik Urnietara joko du, eta Urnietatik, Elutxetatik barrena Lasarte-Oriara helduko da. Udalerri honetako itzulia amaitu ostean iritsiko da Zubietako hipodromo aldera.
Ez da, ordea, 23. Korrikak eskualdean barrena egingo duen zeharkaldi bakarra izango. Lasterketaren azken txanpan, martxoaren 23an, larunbatez, Tolosaldeatik Andoainera iritsiko da, arratsaldeko 16:00ak aldera. Usurbil ere "kide" duen Beterri Buruntzako Urnieta (16:42), Hernani (17:06) eta Astigarragatik (17:49 aldera) igaroko da gero. Handik, Gipuzkoako hiriburuan barneratuko da Martutene aldetik. Gaueko 22:47an Altzatik irten arte, Donostiako auzoak zeharkatuko ditu larunbat iluntzean, hilaren 23an. Oarsoaldea goizalde partean gero, eta tartetxo batez, sartu-irten azkarra egingo du Bortzirietatik barrena, segidan Lapurdira itzuli eta igande eguerdian Baionan amaitzeko.
Hamaika egunotan, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du 23. Korrikak. Honatx ostegun honetan, AEK-k ezagutarazi duen ibilbide zehatza:
23. Korrikaren ibilbidea, egunez egun
Martxoak 14, osteguna: Irun-Uztaritze (Gipuzkoa-Lapurdi).
Martxoak 15, ostirala: Hazparne-Abaurregaina (Lapurdi-Nafarroa Behera-Nafarroa Garaia).
Martxoak 16, larunbata: Eskaroze-Mendigorria (Nafarroa).
Martxoak 17, igandea: Artaxoa-Sesma (Nafarroa).
Martxoak 18, astelehena: Allo-Elorriaga (Nafarroa-Araba).
Martxoak 19, asteartea: Dulantzi-Usurbil (Araba-Nafarroa-Gipuzkoa).
Martxoak 20, asteazkena: Orio-Gernika (Gipuzkoa-Bizkaia).
Martxoak 21, osteguna: Bermeo-Ortuella (Bizkaia).
Martxoak 22, ostirala: Abanto-Mañaria (Bizkaia).
Martxoak 23, larunbata: Otxandio-Orereta (Bizkaia-Araba-Gipuzkoa).
Martxoak 24, igandea: Oiartzun-Baiona (Gipuzkoa-Nafarroa-Lapurdi).