Bi urtean behin, ordubete. Euskararen aldeko lasterketak geure artean egiten duen bidearen iraupena da. Une zirraragarri hau bizitzeak, ordea, ezinbestean aldez aurretik prestaketa lanak bideratzea dakar. 23. ediziokoak abian dira, azken aldian AEK-k jakinarazi izan duen moduan.
Izan ere, "Harro Herri" aldarripean bideratuko den Korrikan parte hartzeko modu bat baino gehiago dugu; batetik, lasterka eginez, noski, baina baita aurrez beste hainbat ekimenetan parte hartu, lagundu edota antolatuta. Testuinguru horretan sortu ohi da Usurbilen Korrika Batzordea. Laster da deitzekoa, datorren euskararen aldeko lasterketa iritsi aurreko tartea girotzea xede izango duen lehen bilkura. Xehetasunak egunotan emango dizkigute.
Laguntzarako bideak
Horrez gain, gogoan izan, aurreko edizioen antzera, Korrika Laguntzaile izan gaitezke eta hainbat abantailez gozatu ahalko dugu: 300 sari baino gehiago eskuragarri jarriko dituzten asteroko zozketak, Korrikaren nahiz AEK-ren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak (AEK-ko ikastaroetan, AIZU! aldizkariko harpidetzan...), ekimenaren berri emango duen buletina jasotzeko aukera...
23. Korrikak, gainera, prest du baita bere produktuen eskaintza; arropa, osagarriak... Usurbilen estreinakoz, NOAUA! Kultur Elkarteak abenduaren 17an antolaturiko San Tomas azokan ikusgai eta erosteko moduan jarri zituzten Etumeta AEK euskaltegikoek. Aurrerantzean, euskaltegian bertan ere salgai izango dituzue edota online korrika.eus atarian.
Adi, baita, lekukoa eraman nahi duzuenok. AEK-k ostegun honetan ibilbidea aurkeztearekin batera jakinarazi duenez, otsailaren 1ean irekiko dute kilometroak erreserbatzeko epea.
"Badon*" opera
Euskararen aldeko lasterketa geure artera heldu aurreko tarte hau girotzen duen Korrika Kulturala ere abian du AEK-k. Ziklo horren bidez, "jendarteari zerbait eskaini nahi diogu bueltan Korrikaren alde egindako lanagatik. AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egiten dio Euskal Herriari euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara eramanez. Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia kultur sorkuntzarako bekaren bidez taxutuko dugu".
Aurtengoak "Badon*" izena du. "Opera posdramatiko bat bost koadrotan", horixe dakar Korrika Kultur honetako ekitaldi nagusiak. Abenduaren 1ean estreinatu zuten Gasteizen. Hilabeteotan Euskal Herrian barrena toki ezberdinetan eskainiko dute. Usurbildik gertuen, martxoaren 7an Hernaniko Biterin 19:30etan, hilaren 10ean Astigarragan (19:00etan Erribera Kulturgunean) edota hilaren 15ean Andoainen (Bastero Kulturgunean).
Korrika zuzenean aplikaziotik
Sorkuntzaren hariari tiraka, gogoan izan, udazkenean estreinatu eta ezagutarazi zuen AEK-k 23. Korrikaren abestia (Maite Arroitajauregi Aranburu "Mursego" sortzailearena) eta bideoklipa, albiste honi atxikia duzue. Orain arte, lerrootan aipaturiko guztiaren berri nahiz euskararen aldeko lasterketak ekarriko duenari buruzko xehetasun oro korrika.eus atarian ezagutu dezakezue. Webguneaz gain, aplikazioa ere prestatu du AEK-k. Zuen mugikorrean doan deskarga dezakezue. 23. edizioko berrikuntzetako bat da honako hau. "Aurreko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta dator: hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan".
Gaur ezagutarazi duten ibilbidea, aplikazio honetan aurreratu dute goizean eta bertatik, 23. Korrika zuzenean ikusi eta entzuteko aukera eskainiko du martxoaren 14tik 24ra. "Furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute KORRIKA aurrerapenez ala atzerapenez datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, interesgarria da jakitea bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dagoen edozein herri, eskualde edo/eta kilometro".
Horri lotuta, "aplikazioak aukera ematen du KORRIKAren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri jasotzeko —orain arteko gertaerak, aurkezpena, abestia, ibilbidea...—. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du".