Pentsiodunen borrokaren seigarren urtemuga plazaratzeko deia

Noaua Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 11

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sei urteotako borrokaren urtemugaren harira, plazara ateratzeko deia egin du urtarrilaren 15ean.

Pentsio duinak aldarrikatzeko astelehenetako mobilizazioek sei urte bete dituzte. Urtemuga hau 2018. urtetik egin duten moduan, Euskal Herriko plazetan mobilizatuta ospatu eta aldarrikatu nahi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Horretara deitu ditu euskal herritarrak; mobilizatzera, datorren astelehenean, urtarrilaren 15ean, eguerdiko 12:00etan Euskal Herriko plazetan. "Lortutakoa ospatzen dugu, falta dena lortuko dugu!", iragarri dute Usurbilgo kaleetan ere jarri dituzten karteletan. 


Gutxieneko pentsioaren eskaera
1080 euroko pentsioa 14 ordainsaritan 2023ko urtarrilera arteko atzeraeginezko ondorioekin. Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari zuzenduriko eskaera hauxe biltzen duen mozioa aurkeztu zuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak abenduaren 20ko osoko bilkuran. Gehiengo osoz onartu zuten.


"Gutxieneko pentsioa 1080"
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zuengana jotzen du Usurbilgo Udalaren osoko bilkuran mozio bat onar dezazuen, gure funtsezko aldarrikapenetako bat babestuz: pentsiodunen guztiek gutxienez 1080 euroko diru-sarrerak izatea bermatzea, 14 ordainsaritan.

Idazki honekin batera doakizu Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen aurrean egin eta aurkeztu dugun txosten laburtua eta osoa. Bertan eskatzen eta justifikatzen dugu errebindikazio hori, nola gauzatu eta zenbatesten dugu kostua. Txostena eskari honekin hasten da: "EHPMk egindako txosten honen bidez, 2023rako gutxieneko pentsioa 1080 eurotan ezartzeko gure berehalako eskaria bultzatu nahi dugu. Eskari hori Estatuko Gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegu; azken horiei, gainera, eskatzen diegu, gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa finkatzen ez den bitartean, gutxieneko pentsio hori 1080 eurora arte osa dezatela hamalau ordainsaritan. Txosten honekin urrats bat gehiago ematen dugu gure eskariaren azalpenean, eta EAEko eta Nafarroako beharrezko aurrekontuaren zenbatespen ekonomikoa kalkulatuko dugu".

Gainera, txosten horretan adierazten dugu eskaera hori premia sozial urgentea eta justiziazkoa dela, erakunde publikoek herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsiodunen kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte.

1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeak nabarmen murriztuko luke pentsioetan dagoen genero-aldea. Bizi-kostuaren igoeraren arabera pentsioen balioa EZ handitzearen ondorioak nabarmenak dira, txostenaren 14. orrian ikus daitekeen bezala: "... egiaztatzen dugu azken urteetan (2011tik 2023ra) LGS Lanbide arteko Gutxieneko Solada 641,40 eurotik 1080 eurora igo dela, baina gutxieneko pentsioa 601,40 eurotik 783 eurora baino ez da igo. Pentsioak soldata geroratuak dira, zalantzarik gabe, eta haien zenbatekoa zuzenean lotuta dago jasotzen diren soldatekin; beraz, gutxieneko pentsioak ere LGS izan behar du erreferentzia gisa. Onartezina da 2011n Gutxieneko Pentsioan LGSren %93,7 izatea eta 2023an %72,5 izatea".

Gaur egun, bizi-kostuaren hazkunde esponentziala dela eta, gero eta pentsiodun gehiagok galtzen dituzte etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitua izateko aukerak, elikadura osasungarria, haien osasuna eta mendekotasunari erantzuteko arreta eraginkorra bermatzea... Gaur egun, EAEko 167.718 pentsiodunek 1080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte pentsioengatik; gehienak emakumeak dira.

Gutxieneko pentsioaren aldagai guztiek emakume izena dute. Genero-ezberdintasunean ikusten da hori, eta horren aurrekaria da soldaten ezberdintasuna eta emakumeen alde bateko esleipena ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari, ugalketaren eta zaintzen eremuan.

1080ko aldarrikapen horrek duela bost urte baino gehiagotik gure mobilizazioetan parte hartu duten milaka pertsonek ematen dioten zilegitasuna du.

Ondorioztatzen dugu ez dagoela arrazoi ekonomiko edo politikorik ez egiteko, eta ezin dugu egun bat gehiago itxaron.

Horregatik, Usurbilgo Udalaren osoko bilkurari honako erabaki hau eskatzen diogu:
1-EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari demandatu, 1080 eurora arte osatu dezaten pentsiodunen gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin.
2-EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea udal honen osoko bilkuran hartutako erabakia.