Musukoaren erabilera

"Eusko Jaurlaritzak neurria betearaziko du", helegitea aurkeztuko duen arren

Noaua Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 11

Espainiako Gobernuak atzotik indarrean du, osasun zerbitzuetan musukoak derrigorrez janzteko neurria. Neurri hau betearazi egingo duela iragarri du Jaurlaritzak, baina erabaki horren aurka helegitea aurkeztuko duela iragarri du.

Osasun zerbitzuetan musukoen erabilera derrigortzeko asteazkenaz geroztik indarrean den Espainiako Gobernuak emandako agindua betearazi egingo duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak azken orduotan, baina Gasteizko gobernuak iragarri duenez, "haren aurkako errekurtsoa aurkeztuko du justizia-administrazioan, bere zerbitzu juridikoek zehaztutako moduan".  

Bitartean, neurri hau indarrean egon artean, aipatu moduan betearazi egingo duela iragarri du eta herritarrei azken aldian aholkatu izan dieten moduan, arnasbideetako birusen baten sintomarik izanez gero edota osasun zerbitzuetan musukoa erabiltzen jarraitzera deitu ditu. "Euskadiko herritarrek badakite zer prebentzio-neurri diren gomendagarrienak gripea eta arnas aparatuko beste gaixotasun batzuk ez kutsatzeko, eta, gehienetan, neurri horiek erantzukizunez betetzen dituzte. Horregatik, kutsatzeko arrisku handiena dagoen leku eta egoera guztietan erabiltzen jarraitzera animatzen ditugu". 

"Ministerioak ez du justifikatu neurriaren premia larria"
Helegitea aurkezteko hartutako erabakiaren argudioak azaldu ditu ohar bidez Eusko Jaurlaritzak. Gasteizko gobernuaren aburuz, "ustez, legezkotasuna urratzen da eta autonomia-erkidegoenak bakarrik diren eskumenak zapaltzen dira". Gogora ekarri du, "Estatuko Osasun Sistemaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 65. artikuluak, elikagaien osasunean eta segurtasunean koordinatutako jarduerei buruzkoak" lehen puntuan dioena. Hauxe: "Osasun publikoko jarduketa koordinatuak deklaratzea Osasun Ministerioari dagokio, aldez aurretik Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluak hala erabakita, zuzenean eraginpean hartzen dituen erkidegoei entzunaldia emanda, premia larriko egoeretan izan ezik. Kasu horretan, behar-beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, eta hartutako neurrien berri emango zaio lehenbailehen.”

Horri erantzunez, Jaurlaritzatik gogorarazi dutenez, batetik, "Lurralde Arteko Kontseiluak ez du aldez aurreko akordiorik lortu". Bigarrenik, "ez zaie entzunaldirik eman erabakiak eragin zuzena duen autonomia-erkidegoei —kasu honetan, guztiei—, egoera epidemiologikoa edozein dela ere, erabaki hori hartu aurretik". Hirugarrenik, "Ministerioak ez du justifikatu neurriaren premia larria bi alderdietan: batetik, egoera osasun publikorako arrisku edo alarma berezikoa izatea; eta bestetik, neurria, osasun-zentroetara mugatuta dagoena, benetan eraginkorra izatea gripe-boladaren gailurra eteteko".

Jaurlaritzaren ustez, "Osasun Ministerioa erabat ezohiko lege-errekurtsoa erabiltzen ari da, bere arau propioak bete gabe, autonomia-erkidegoen gehiengoari haren borondatea inposatzeko, erkidego horien irizpide teknikoaren aurka, eta osasun publikoaren arloan hauek dituzten eskumenak urratuz". Ondorioz, "Osasun Ministerioak aurrekari oso larria ezarri du autonomia-erkidegoekin eta hauen Osasun Sailekin izan behar duen harreman politiko eta administratiboan". 

Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, "Osasun Ministerioak aitortuta ditu osasun-arloko zenbait eskumen, baina autonomia-erkidegoek hartzen dute beren gain osasun-kudeaketaren eta -arretaren ardura. Horregatik, ulertezina da Ministerioak —jokabidea justifikatuko duen arrazoirik gabe, legezkotasuna bete gabe eta adituen iritziaren aurka— zenbait erkidegok, tartean Euskadik, helarazi dituzten adostasun-proposamenei entzungor egin izana, eta autonomia-erkidegoekin harremanak izateko modu bezala konfrontazioa aukeratu izana".

Gripearen intzidentzia handitzen
Hedatzen, zabaltzen segitzen du grippalen intzidentziak, baina aurreko astean baino mantsoago. "Arnas Infekzio Akutua (AIA) kontrolatzeko azken txostenak, 2024ko lehen asteari dagokionak, gripearen birusaren zirkulazioak gora egin duela egiaztatzen du, nahiz eta aurreko astean baino neurri txikiagoan; baina gripeak eragindako arnas infekzio akutu positiboengatiko ospitaleratzeak azken astearen antzeko balioetan mantentzen dira. COVID-19aren intzidentziak modu moderatuan egin du gora eta beheraka jarraitzen dute bronkiolitisaren diagnostikoek eta Arnas Birus Sintzitialaren (ABS) detekzioek", azaldu du Eusko Jaurlaritzak.

Zenbakitara joz gero, "Arnas Infekzio Akutuaren tasa 637,2 kasukoa izan da 100.000 biztanleko". Testuinguru horretan, "kasu larrien tasa" handitu egin dela ohartarazi dute. "29,5 kasu 100.000 biztanleko izatetik —2023ko azken astean— 33,8 kasu 100.000 biztanleko izatera —2024ko lehenengo astean—" igaro da "eta nagusiki 64 urtetik gorakoak izan dira kaltetuak".