Egunerokotasunera itzularazi gaituen aste honen aurretik, ospakizun giro betean ekin genion Usurbilen urtero moduan, neguari. Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak gabonetako argiekin herria apaindu ostean, ikastetxeek eguberriei kantuan egin zieten harrera; bakoitzak bere inguruan. Zumarte ere batu zen emanaldiotara; belaunaldiartekotasuna sustatu zuen kontzertua antolatu zuen musika eskolako ganbaran.
Olentzero eta Mari Domingi etorri ziren segidan; Aginagara lehenbizi, Santuenea, Kalezar edota Usurbilera biharamunean. Ordurako auzoak ere urte garai honetako ospakizun giro betean ziren; Aginagan talo jana antolatu zuten; gabonetako festa eta San Tomas eguneko ospakizuna Santuenean.
Denetarik
Haurrek primeran pasa zuten Udalak Oiardo kiroldegian antolaturiko gabonetako parkean. Ernai gazte erakundea, Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazteen Talde Feminista eta Aztarrika gazte asanblada bateratu zituen mugimenduak, egungo kontsumo eredua auzitan jarri zuten gazte topaketak antolatu zituzten; AztarriKant eta AztarriTruk bigarren eskuko azoka, baita herriko musikariek agurtu zuten jardunaldi eguna ere.
Topaketez ari garela, kirol taldeek ere halako hitzorduak antolatu zituzten; Mirotzen omeneko infantilen arteko eskubaloi txapelketa Usurbil Kirol Elkarteak eta Harane Txapelketa Usurbil Futbol Taldeak. Hitzorduotako parte hartzaileen antzera, ehunka herritarrek herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde lasterka bizian agurtu zuten urtea Hurbilago San Silbestre herri ekimenean. Ordu batzuk lehenago, 102 herritar saritu zituen Hurbilagok berak, Kulturguneak eta Usurbilgo Udalak sustaturiko 650 Usurbil Bizi otarren banaketa ekitaldian.
Kanala
Halaxe agurtu genuen urtea; 2024ari berriz erregeei harrera eginez hasi zuen herri honek. Estreinakoz traktore gainean heldu ziren urtarrilaren 5ean.
NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko San Tomas azokak hasitako asteotako ospakizun sorta honen albiste bilduma, "Gabonak 2023" kanalean bildu dugu. Bertan dituzue negu hasiera honetako albiste eta irudiak.