Udaberriko Ernairen "Gazteon Eskutik" ekimenerako bonuak Aitzagan salgai

Noaua Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 15a

Martxoa amaieran Ernai gazte antolakundearen eskutik, Lezon egingo den gazte independentisten topaketarako bonuak salgai jarri dituzte Aitzagan.

Datorren martxoaren 29tik 31ra Ernai gazte antolakundeak Lezon antolatu duen "Gazteon eskutik loratuko da udaberria" ekimenerako hiru egunetarako bonuak salgai jarri dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan; tartean, Usurbilen, Aitzagan hain zuzen, 35 euroren truke.

"Udaberriarekin batera Euskal Gazteriaren borroka grina ernalduko da, gure potentzial guztia herri mailako borroka zikloaren mesedetan jartzera goaz eta batez ere gure bizitzak zeharkatzen duen Belaunaldi Krisia gainditzera goaz. Alegia, Gazte Udaberri baten aurrean gaude non geroz eta gazte gehiago izango garen herri honen eraikuntzaren alde ekingo dugunak. Eta hain zuzen ere hor kokatzen dugu ekimen hau", azaldu du Ernaik.

"Gazteen jakintza, ahalmena eta indarra" kokatu nahi dituzte ekimen honen erdigunean. Berau iragartzeko sare sozialetan zabaldu duten orrialdeetara joz gero, jada aurreratzen hasiak dira "Gazteon eskutik" ekimenari lotutako eskaintza. Egitarau politikoa, aisialdiko ekimenak eta musika tartekatuko dituzte hiru egunotan. Ekimen honen bidez, ikasturte hasieratik Aitor eta Galder gazte arabarren atxiloketen aurkako mobilizazioetan, Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzean, Palestinaren aldeko ekimenetan, greba feminista orokorrean... lehen lerroan egotetik protagonistak izatera igaroko direla iragarri dute. Horrekin batera, independentziaren aldeko indarrak biltzen segitzeko asmoa dute. Jarraian datorren kartelean aurreratu dituzte martxoaren 29tik 31ra Lezon egingo diren hainbat hitzordu: