Ikasturte berria abiaraziko du gaur Kantu Taldeak

Noaua Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 15a

Lehenengo saioa izen-ematea bideratzeko ere baliatuko dute.

Asteotako etenaldiaren ostean, iritsi da Usurbilgo Euskal Kantu Taldea haien ohiko jardunera itzultzeko eguna. Astelehen honetan, urtarrilaren 15ean ekingo diote ikasturte berriari, arratsaldeko 18:00etan ikastolako musika gelan, Jaione Eskuderoren gidaritzapean.

Bilgunetik bertatik jakinarazi dutenez, izen-ematea lehen entsegu saio horretan bideratuko dute. “Beti bezala, kantu zaharrak eta berriak errepasatzea eta ikastea izango da entseguetako helburu nagusia, urteko tradiziozko pasadizoetan parte hartuz, kantu-afariak antolatuz, Sutegin kontzertu ekimenen bat plazaratuz, herrian zehar hileroko kantu jirak ospatuz eta abar. Azken finean, kantatzeko ohitura hauspotzea, transmisio kultural bat sustatzea euskaratik eta euskaraz, lagunarteko harremanak bultzatuz sortzen den giro ederraz gozatzea eta beste herrietako kantuzaleekin adiskidetasun bat jorratzea kantu-saio-trukaketak bultzatuz”.

Kantu-jira
Asteleheneroko dinamikara itzuliko da gaurtik Usurbilgo Euskal Kantu Taldea; hileroko kantu-jiretara urtarrileko azken larunbatean. Urrian egin zuten azkenekoz, ohiko bira herrian barrena. Azarokoan, xiberotarrak izan zituzten bidelagun. Abenduan ez zuten kantu-jirarik egin; haren ordez, kantu-afari girotua antolatu zuten Patrienean.

Ikasturte berria abiatzearekin batera, urtarrileko azken larunbatean itzuliko dira kantu-jirarekin Usurbilgo kaleetara; hilaren 27an, 12:00etan bilduko dira Mikel Laboa plazan. Ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.