Mediku falta Osakidetzan

Berehala "kontrol publiko iraunkorreko sistema bat" ezartzea eskatu du OPA-k lehen arreta osoan

Noaua Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 15a

Ostiralean Laudioko Osakidetzaren Etengabeko Arreta Gunean gizonezko bat zendu zen bihotzekoak jota. Gune horretan ez zegoen medikurik. Gertatutakoa salatzearekin batera, "kontrol publiko iraunkorreko sistema bat" ezartzea eskatu du Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen koordinakundeak.

Bihotzekoak jota gizonezko bat hil zen iragan ostiralean Laudioko Osakidetzaren Etengabeko Arreta Gunean. Ez zuten medikurik bertan. Sindikatuek osasun sistema publikoan izandako murrizketen ondorioen testuinguruan kokatu dute Arabako udalerri hartan jazotakoa. Izan ere, giza baliabideen falta ez baitago soilik gune horretan, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak aspaldidanik salatzen ari diren moduan, hau gune gehiagotan gertatzen ari da, baita eskualde honetan ere. 

Heriotza honen harira, Usurbil barne hartzen duen Donostialdeko nahiz gainerako osasun publikoaren aldeko eskualdeetako herri plataformen koordinakundeak gogorarazi duten moduan, "urteak daramatzagu etengabeko arreta guneetan arreta duina emateko beharra salatzen". Hauen beharra aldarrikatu dute. "EAGak lehen mailako arretaren parte dira, hurbileko arreta eskaintzen dute eta ospitaleko larrialdien arretari lan zama handia kentzen diote".

Bitartean, diotenez, "Sagardui sailburuak, aldiz, kultura berri baten bidean jarraitzen du lehen mailako arreta erabiltzeko orduan".

"Ez du asistentzia medikorik izan"
Laudioko heriotzarekin, aurtengo lehenengoa, OPA-en esanetan, "argi geratzen da sailburuaren eredu-aldaketaren ondorioz, pertsona hori erizaintzako langileen eskuetan hil dela". Gogora ekarri dute, nola igaro berri diren gabonetan "Osakidetzako zuzendaritzaren propaganda jasan behar izan dugu. Horren arabera, EAGak irekita egongo lirateke, eta irekita egon dira, baina egun gehienetan, eta zentro gehienetan ez dute presentzia fisiko medikorik izan".

Ezinbestekoa izan arren, noski. "Greba-egun batean medikuaren presentzia legez bete beharreko gutxienekoa bada, urteko egun guztietan ere dela ulertu behar dugu. Ostiral horretan, infartua izan zuen pertsona bat joan da eta ez du asistentzia medikorik izan Laudioko EAGn; tamalez hil da".

"Parte hartzeko sistema bat eskatzen dugu"
Laudion jazotakoa zentzugabetzat jotzearekin batera, gertatutakoak "ikerketa eta azalpen publiko eta gardena behar du". Halakorik ez egotea, "onartezina litzateke egoera horrek ondoriorik ez izatea". Horregatik, "egoera horrek inflexio-puntu bat izan behar du, lehen mailako arretako zentroen kudeaketa erabat gardena eta informatua izan dadin, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten tresnekin, eta, gainera, hurbileko arreta duina eta % 100 publikoa bermatuko dituena".

OPAk berehala "kontrol publiko iraunkorreko sistema bat" ezartzea eskatu du Osakidetzaren lehen mailako arreta osoan "etengabeko arretako guneetan gutxienekoak bermatzeko". Horrez gain, "parte hartzeko sistema bat eskatzen dugu, herritarrek eta gizarte-eragileek informazioa eskatu eta proposamenak aurkeztu ahal izan ditzaten, eta horiei erantzun publikoa eta gardena eman diezaieten".