Amaren heriotzari azalpen bat bilatu nahi dio Ekain txikiak. Tabuak diren kontu asko lantzeko aproposa da Azken galdera amari ipuina.
Mirari hil zenean, Ekainek bi urte t`erdi zituen. Ipuinari zentzu gehiago emateko, Ekainek 4 urte ditu kontakizunean eta amaren gaixotasunaren berri nola jaso zuen azaltzen du. Abiapuntua hori da, minbizia hitza lehen aldiz etxera sartu zeneko garaia. Tabuei dagokionez, esango nuke helduok sartzen ditugula galera, heriotza eta dolua bezalako kontzeptuak tabuen kapsulan. Umeek ordea, euren jakinminaren bidez eskura jartzen digute tabuen kapsula hori apurtzeko aukera. Ipuin honen bitartez, nire bi semeen galderak ahalik eta ondoen erantzuten saiatu naiz.
Ipuin honen idazketari ekitea ez zen lan samurra izango.
Guri gertatutakoa behin eta berriz kontatzen nuen. Beraz, lehen zatia (kronologikoa) idaztea ez zitzaidan hain zaila egin. Bigarren zatia ordea, fikzionatu egin nuen eta horretarako istorio bat sortu nuen. Bigarren atal honek denbora gehiago eskatu zidan. Zailena ordea orrazketa prozesua izan da. Esaldi eta kontzeptu bakoitza argitu, hitz batzuk beste batzuengatik aldatu,... Bi urteko prozesu luzea izan da.
Diotenez, sormena –dela idazketa, dela musika, dela marrazketa...– oso lagungarria izan daiteke horrelako egoera baten aurrean. Tristura eta amorrua kanporatzeko tresna egokiak dirudite. Zuen kasuan ere hala izan al da?
Sendagarria izan zen batez ere ipuinaren haurdunaldi prozesua amaitu zenean. Argitalpena lehen aldiz eskuetan hartu nuenean oso inpaktantea izan zen. Bi semeekin batera irakurri nuen ipuina eta ipuinaren inguruan hitz egiteko tartea hartu genuen. Ipuina azkar eta oso ondo zabaldu da gainera, eta horrek ere barrenak mugitu dizkio Ekaini (seme gazteenari). Emozio asko kanporatzeko baliogarri izan da. Aurkezpen ekitaldirako ere, Ekainen eta Julenen (Ekainen anai zaharra) ahotsak grabatu ditugu.
Eta orain, “Ekainek bizitzaren olatuan aurrera darrai”. Liburuaren amaieran esaten den bezala.
Ez dago besterik. Bizitza horretarakoxe da, bizitzeko. Olatuaren gainean batzuetan, eta olatuaren azpian bestetan. Eta azken honi izkin egiten diogu askotan. Momentu zailetan, tristura sentitu berritan, kalera atera eta min hori ahazten saiatzen gara. Gu aldiz, tristura horri leku egiten saiatu gara. Minari leku bat egin diogu. Gertatutakoaz hitz egin dugu, negar egin dugu... Ipuinaren inguruko hainbat solasaldi eskaini ditugu dagoeneko, eta konturatu naiz min handia dagoela jendearengan; eta ipuinak barruko korapilo hori askatzeko balio duela. Jendeak bere baitan darama min hori, eta ohitu egiten da min horretara. Benetako gertaeretan oinarrituta dago ipuina, eta euskaraz idatzita dagoenez, gure lana oso gertukoa egiten zaie irakurleei. Kapitulu bakoitzak gai ezberdin bat ukitzen du: zaintza, gaixotasunak eragiten duen galera fisikoa, agurtzeko momentua, omenaldia egiteko unea... Gai asko lantzen dira eta jende askorentzat lagungarri izaten ari da.
Hitzak bezain adierazgarriak dira marrazkiak. Ipuineko ilustrazioak Mirari Sagarzazu Sacristanek egin ditu. Erraza izan al da idatzitakoa irudietara ematea?
Ilustratzailearekin konexio berezi bat sortu zen. Nigan marrazkiak bazeuden eta horiek hitzez azaldu nizkion Mirariri. Aitortu behar dut oso ondo islatu duela nik adierazi nahi nuena. Oso marrazki errealistak dira eta emozio asko transmititzen dituzte aldi berean. Liburuaren amaieran, haurrekin lantzeko moduko hausnarketak eskura daitezke QR kode baten bidez. Zentzu horretan, zure argitalpena interaktiboa dela esan daiteke. Ipuin hau proiektu baten baitako elementu bat da. Lehen helburua ipuina zabaltzea da, ipuina eta ipuinak dakarren mezua. Bigarren helburua litzateke ipuin kontaketa saio bat prestatzea. Eta hirugarren helburua edo zutabea litzateke heriotzaren eta doluaren inguruko tailer bat prestatzea. Eskolan eskaintzeko modukoa, ikasle, irakasle zein gurasoei zuzendua. QR kode horren bitartez, ipuinaren inguruan hausnartzeko tresna eta dinamika ezberdinak bideratu nahi izan ditugu.
Azken galdera amari duela gutxi argitaratu da Denonartean argitaletxearekin. Zer nolako harrera izan du orain arte?
Ipuina urriaren 27an aurkeztu genuen Azpeitian eta gaur arte 17 bat aurkezpen egin ditut. Oso harrera ona izan du. Uste dut ale asko saldu direla eta jende askorengana iritsi dela. Eta oraindik bide luzea du egiteko.
Kantak ere baliatzen ditu aurkezpenetan
Urtarrilaren 16an asteartea, Sutegin izango zara. Nolakoa izango da saioa?
Ez da ipuin kontaketa huts bat izango. Barne-bidaia bat izango da, helduentzat zein haurrentzat egokia. Kanta batzuk abestuko ditugu eta kapituluka aurkeztuko dut, Ekain eta Julen nire semeen grabazioak baliatuz. Bestetik, nire dolu prozesuan lagungarriak izan zitzaizkidan tresnak eta idatziak partekatuko ditut. Jon eta biok aritzen gara aurkezpen ekitaldietan. Jon musikaria da eta gitarrarekin laguntzen dit. 40 minutuko ikuskizun bat izango da, jendearen bihotzak erabat hunkitzen dituena.
Barreterapia tailerrak ere eskaintzen dituzu. Duela gutxi Santuenean izan zinen. Ondo joan al zen?
Barreterapia tailerrak, talde-kohesio zein ongizate tailerrak eta jolas zein sormen tailerrak eskaintzen ditut. Santuenean helduentzako barreterapia tailerra egin genuen eta oso berezia izan zen. Erabat askatu ziren, asko disfrutatu zuten eta barre pila bat egin zuten. Familien ingurukoa ere egin genuen ondoren, eta hura ere oso esperientzia positiboa izan zen.
Sutegiko saioari buruzko oharra
Urtarrilaren 16an asteartea, Manex Beristain Sutegin izango da. Solasaldi honetan hizpide izan dugun ipuinaz jardungo du. Gaztetxoek ere emanaldira hurbiltzeko aukera izango dute. 5 urtetik aurrerakoak, eta beti ere heldu baten laguntzarekin. Emanaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta doakoa izango da baina plazak mugatuak direnez, izena eman behar da aldez aurretik Sutegi udal liburutegian bertan.