"Lortutakoa ospatzen dugu, falta dena lortuko dugu"

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 16a, 12:59

Sei urteotako borrokagatik bidelagunak zoriondu eta eskertu nahi izan ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 2018az geroztik astelehenero egin duen moduan, aste hasiera honetan egindako mobilizazioetan. "Lortutakoa ospatzen dugu, falta dena lortuko dugu" iragarri dute.

Pentsio duinen aldeko borrokak sei urte bete ditu. Urtemuga hori, bidelagun izan dituztenei eskerrak helarazi eta omentzeko baliatu nahi izan du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aste hasiera honetan deitu dituen mobilizazioetan. Batetik, "omenaldi zintzoa egiten diegu urte hauetan joan zaizkigun guztiei. Zorionekoak gara bizitzako etapa hau beraiekin partekatu dugulako". Bigarrenik, "gure arteko helduenei" ere gorazarre egin nahi izan diete. "80 urtetik gorako pentsiodunak, 90 urtetik gorakoak, baita ehun urtetik gorakoak ere. Zuen jarrera guztiontzako eredua da. Astero zuen presentzia, eskubide sozialak defendatuz, zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak defendatuz. Harro egoteko modukoa da guztiontzat".

Azkenik, sei urteotan asteleheneroko mobilizazioetan parte hartu dutenak zoriondu nahi izan ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. "Historia egin duzue. Harro gaude erakunde sozial eta sindikalekin aberastasunaren bidezko banaketaren aldeko borrokan parte hartzeaz, eta soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoak aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz".


Lorpenak
Urte hauetan guztietan lortutakoa ospatu eta "falta dena lortuko dugu" iragarri dute. Gogoan dute duela sei urte hasi zuten borroka. "Urteetan pentsiodunak era txarrean tratatuak izan ondoren, Fatima Bañezek pentsioetan %0,25eko igoera aginduz eskutitza bidali zigun. Honek bazterrak harrotu zituen eta milaka pentsiodun kalera irten ginen borrokatzera. Sei urte geroago hala jarraitzen dugu", gogorarazi dute.

Denbora tarte honetan lortutakoa, ordea, ospatu egin nahi izan du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak; "2013ko PPren erreformaren Pentsioen Errebalorazio Indizea (0,25ekoa) indargabetzea, Pentsio Sistema Publikoa (PSP) guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta gure pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea. Izan ere, aurten izango dugu %3,8ko igoera, galdutakoa konponduko ez duen arren, gure borrokak lortu du".

Harrotasunez
Sei urte beranduago, "Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendukoek euripean nahiz eguzkipean, 275 astelehen geroago ere kalean jarraitzen dugula ospatzen dugu, pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan".

Horregatik harrotasuna agertu du aipatu herri mugimendutik. "Harro gaude bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz. Baita soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoek aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz ere".

Borroka partekatu gehiagotan
Pentsioen gaiaz gain,  nabarmendu dutenez, "osasun publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitario publiko komunitarioei laguntzeko mobilizazioetan parte hartzen jarraitzen dugu; langileen soldatak eta lan-baldintzak hobetzeko borrokei elkartasuna adierazi diegu. Euskal Herrian gizarte mobilizaziorako erreferente izatea lortu izana eta Estatuko beste Herri eta Erkidego batzuetako pentsiodunen elkarteekin mobilizazioak partekatzea ospatzen dugu".

Horregatik, aurrera begira, diotenez, "milaka arrazoi ditugu borrokan jarraitzeko. Onartezina da langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak. Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari. Horregatik guztiagatik, azken sei urteetan eskatzen ari garen premiazko eta ezinbesteko aldarrikapenak eskatzen jarraituko dugu".

"Borroka hau irabaziko dugu"
Iaz eginiko ekimenak ekarri ditu gogora Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta horietan nola "gazteak eta adinekoak, jarduneko langileak, pentsiodunak, gizonak eta emakumeak, eskakizun bera dugun"; hain zuzen, "aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea". Horien bidez, iragarri nahi izan dutenez, "borrokan jarraituko dugu geratzen zaizkigun aldarrikapenak lortu arte, batez ere Gutxieneko Pentsio Duina eta nahikoa lortu arte".

Aipatu mugimenduak zabaldutako oharrak urteotako aldarria gogorarazi du; "batak zein besteak gobernatu, guk pentsioak defendatu. Borroka hau irabaziko dugu. Pentsionistak aurrera".