Herri ordezkaritza ETB-ren lehiaketetan

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 16a, 09:01

Irudia: EITB.

ETB 2 telebista katean bi herrikide agertzen ari dira egunotan; Lur Errekondo bart hasi zen bigarren urtez segidan, "El Conquistador" saioa aurkezten. Bestalde, "Esto No Es Normal" lehiaketan parte hartzen hasi da Garazi Muguruza Manso.

Euskal Telebista sintonizatuz gero, herrikideak ikusi ahalko ditugu egunotan. Erdarazko katean, ETB2 izenekoan alegia, bart estreinatu zuten "El Conquistador del Fin del Mundo" abenturazko realityaren hogeigarren edizioa. Aurkezleetako bat Usurbilgoa dugu, Lur Errekondo. Bigarren urtez aurkeztuko du saioa datozen hilabeteotan, Julian Iantziren lekukoa hartu duen Patxi Alonsorekin batera. Iaz, "Harri Herri" harrijasotze txapelketan parte hartu zuen. Halere, aurkezle gisa, estreinakoz, "Naufragoak" abenturako reality saioan aritu zen Lur, 2022ko udazkenean ETB-n.

Euskal Irrati Telebistatik berri eman dutenez, bart gaueko estreinaldia bere ordu tartean liderra izan da %19,3ko kuotarekin. 245.000 ikus-entzuleek bat egin zuten lehiakideak aurkeztu zituzten lehen atalarekin. EITB-k nabarmendu duenez, saioak izandako harrerak ETB2 telebista kate ikusienean bilakatu zuen atzokoan.

Datorren astelehenean murgilduko dira lehiakideak programa beteranoaren abenturan. Hiru lehiakide talde osatu dituzte eta hurrengo hilabeteotan haien arteko bizikidetza erakutsiko dute. Iaz, Karibeko uretan grabatu zuen saioa. Duela hogei urte ekoizten hasi ziren tokira itzultzea erabaki dute aurten, abiapuntura hain zuzen. Argentinako Patagoniatik eskainiko dute datorren edizioa, "Ushuaian, Beagleko kanaleko ur hotzetan, Munduaren Amaierako Itsasargi mitikoan jokatuko den finala" iragarri dute. 

Atzoko saioa EITB Nahieran atarian ikus dezakezue. Hurrengoa, urtarrilaren 22an, 22:30ean hasita ETB2 katean.




Lehiakide
Lur Errekondo bigarren urtez "El Conquistador" saioa aurkezten hasitako egun berean, astelehen honetan, hasi da parte hartzen baita beste herrikide bat, kasu honetan lehiakide gisa, telebista kate berean; ETB2-an. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 16:30ak aldera eskaintzen duen "Esto No Es Normal" lehiaketan parte hartzen hasi da Garazi Muguruza Manso. Bera lehiatzen hasi berritan, Nerea Aliasek eta Egoitz Txurrukak aurkezturiko programa honen arduradunek jakinarazi dutenez, aste honetan bertan, orain arteko diru kopuru gehien banatuko du saritan; 255.300 euro guztira.

"Esto No Es Normal" lehiaketako saioak, arratsaldero 16:30etan ETB2 katean edo EITB Nahieran atarian ikus ditzakezue.