"Lurralde edo ingurune bateko animalia multzoa". Hortxe Euskaltzaindiaren hiztegiak dakarren esanahai zehatza. Horixe duzue fauna, datorren inauterietarako NOAUA! Kultur Elkarteak hautatu berri duen gaia. Egunotan helarazi dituzuen proposamenen artean, bat baino gehiago izan dira animaliei lotutakoak. Hortxe, beraz, gonbita; otsailaren 10ean Usurbilen ospatuko dugun Inauteri Festan mozorrotzeko 2024ko proposamena fauna izatea.
Unibertso zabala da faunarena, pentsa, zenbat mozorro ezberdin sortzeko bidea eman dezakeen. Fauna basatia izan daiteke, abere etxetiarrek ere jantzi bat baino gehiago diseinatzeko aitzakia ederra eman dezakete edota lehorreko animaliek, uretan bizi direnek, bertakoek, exotikoek...
Eskaintza zabala da dudarik gabe. Atzerako kontaketa abian da; hiru aste eta erdi baino ez dira geratzen otsailaren 10eko jaialdirako. NOAUA! Kultur Elkarteak prest du egunpasarako egitaraua. Aurrerago eskainiko dizkizuegu xehetasunak. Momentuz, data zuen agendatan erreserbatu; otsailaren 10a. Eta gaurtik, mozorroa prestatzeko gaia ere baduzue; fauna.
AURREKO INAUTERI FESTETAN...
2024/2/10: fauna.
2023: filmak.
2022: gai librean ospatu zen Inauteri Festa.
2021: osasun krisialdia tarteko, ez zen Inauteri Festarik antolatu.
2020: dantza.
2019: jolasak.
2018: ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: lanbideak.
2015: ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: musika.
2012: mitologia.
2011: itsasoa.
2010: zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: xomorroak.
2007: Brasil.
2006: marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: munduko kulturak.
2002: extralurtarrak.