23. Korrika

Korrikaren aldeko materiala eta kilometroak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 17a, 12:57

Martxoaren 19an gure artera helduko den euskararen aldeko lasterketarako prestatzen hasteko aukera dugu jada.

Biserak, botilak, askotariko estilodun kamisetak, jertseak, galtzak, giltzatakoak, libretak, motxilak, lepokoak, petoak... eta nobedaderik ere bai, urtez urte zabaltzen doan produktuen eskaintzan. Izan ere, aurten estreinakoz, etxeko leiho eta balkoiak ere bidean datorkigun 23. Korrikaz girotzeko aukera izango ditugu, AEK-k salgai jarri dituen banderola koloretsuekin hain zuzen.

Material hau guztia eskuragarri duzue Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegian baita korrika.eus atariko dendan online bidezko dendan. Materiala erosiz, martxoaren 14an Irunen hasi eta hilaren 24an Baionan amaituko den euskararen aldeko lasterketa lagundu dezakezue. Tartean, gogoan izan; Usurbila helduko da hilaren 19an, gaueko 23:00ak aldera, iragan astean berri eman genizuen moduan.


Kilometroak eskuratzeko aukera
Horrez gain, gogoan izan, aurreko edizioen antzera, Korrika Laguntzaile izan gaitezke eta hainbat abantailez gozatu ahalko dugu: 300 sari baino gehiago eskuragarri jarriko dituzten asteroko zozketak, Korrikaren nahiz AEK-ren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak (AEK-ko ikastaroetan, AIZU! aldizkariko harpidetzan...), ekimenaren berri emango duen buletina jasotzeko aukera...

Adi, baita, lekukoa eraman nahi duzuenok. Euskararen aldeko lasterketa herrikoiak udalerri honetan egingo duen ibilbideko kilometroak eskuratzeko aukera duzue. "Kilometro osoa edo erdia" erosi ahalko dela ohartarazi dute Etumeta AEK euskaltegitik. "Urteroko eragileei bidali genien mezu bat eta jakinaren gainean daude", zehaztu dute. Halere, beste inork ibilbideko zati batean lekukoa eraman edo horri buruzko informazioa jaso nahi badu usurbil@aek.eus helbidera idaztea eskatu dute eta "gu jarriko gara haiekin harremanetan".