Gauerdiaz geroztik abisu horian gara, haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorakoak izan daitezkeen haize-bolada bortitzengatik. Haizeguneak ez diren gainerako lekuetan, 80 kilometro orduko muga gaindi dezakete. Atzo, abisu horren jakinarazpena asteazken honetarako, egun osorako egin zuen Euskalmet meteorologia agentziak. Azken orduotan, ordea, epealdi hau ostegun goizeko 9:00ak arte luzatuko dutela ohartarazi dute. Euskal Herriko hainbat zonaldeetan alerta laranjaren eraginpean egongo diren arren, geure inguruan abisu horian segiko dugu ordura arte.
Egunotarako iragarpena
Euskalmet-ek asteazken honetarako, urtarrilaren 17rako, Usurbilen iragarri duenez, "zerua hodeitsu egongo da; egunaren erdiko orduetan ostarteak zabalduko dira. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa edo nabarmen igo eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Ostegunean, hilaren 18an, ere "zerua hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, bereziki egunaren bigarren partean, orduan zenbait lekutan ertaina egin dezake. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; arratsaldean indarra galduko du eta haizeak ipar-osagaira egingo du. Tenperatura nahikoa jaitsiko da".
Ostiralean, hilak 19, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina egin dezake, batez ere egunaren lehengo partean. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin haizeguneetan. Tenperatura nabarmen edo asko jaitsiko da".
Informazio gehiago, euskalmet.eus atarian eskura dezakezue.