Euskararen aldeko lasterketak martxoan hamaika egunez ekarriko duenari buruzko xehetasun oro korrika.eus atarian ezagutu dezakezue. Webguneaz gain, aplikazioa ere prestatu du AEK-k. Zuen mugikorrean doan deskarga dezakezue. 23. edizioko berrikuntzetako bat da honako hau. "Aurreko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta dator: hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan".
Duela astebete ezagutarazi duten ibilbidea, aplikazio honetan aurreratu zuten aldez aurretik, eta bertatik, 23. Korrika zuzenean ikusi eta entzuteko aukera eskainiko du martxoaren 14tik 24ra. "Furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute KORRIKA aurrerapenez ala atzerapenez datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, interesgarria da jakitea bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dagoen edozein herri, eskualde edo/eta kilometro".
Horri lotuta, "aplikazioak aukera ematen du KORRIKAren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri jasotzeko —orain arteko gertaerak, aurkezpena, abestia, ibilbidea...—. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du".