30 urte beteko ditu aurten Aitzaga kultur elkarteak eta ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, ez da oharkabean igaroko. Urtarrilaren 12an Potxoenean egin zuten bazkideen urteroko ohiko bilkura nagusiaren amaieran ateratako talde argazkia duzue. Irudi berria estreinatu du elkarteak eta sarritan ikusiko dugu datozen hilabeteotan. Izan ere, hiru hamarkada hauen harira, datozen hilabeteotan antolatuko dituzten ekimenetarako baliatuko dute "30 urtez hegaldian" aldarria daraman ilargiak argiztaturiko arrano beltzaren logoa. Orain hasi eta ekainera arte, hilero ekimenak iragarri dituzte Aitzagatik; izaera politikodun hitzaldi eta mahainguruak, aisialdira zuzendurikoekin tartekatuko dituzte.
Aurrerago eskainiko dituzte xehetasun gehiago, baina lehenengo hitzordua hilaren 26rako iragarri dute. Abenduan, Usurbilgo gazte mugimenduak antolaturiko topaketen amaieran, Aitzaga atarian egindako kontzertu jendetsuaren ondotik, Amebaren kontzertua antolatu du, oraingoan hiru hamarkada betetzear den kultur elkarteak. Hortik aurrera, ekainaren 1eko data gure agendetan gordetzeko eskaera egin dute aipatu kultur elkartetik. Izan ere, larunbat horretarako egun osoko jaialdia antolatzen ari dira.
Bazkidetza
Hilabeteotan hiru hamarkada hauetako ibilbideari gorazarre egin nahi diote, herrigintzan egindako ekarpena eta sorreratik gaur arte bilgunean eragiten aritu direnen ahalegina aitortu nahi dute baita. Horrez gain, aurrera begira, indarberritzeko erabili asmo dute Aitzaga kultur elkarteko kideek. Bazkidetza sustatzeko ere baliatu nahi dute ziklo hau. Hiru bazkidetza mota dituzte: bat, soldatapeko lan egonkorrik ez duten 16-25 urte arteko gazteentzako (hilean 5 euro); helduentzako bestea (hilean 20 euro; 10 euro bazkidetzagatik, beste 10 euro Sortu kide izateko); azkena, bazkide onuradunentzat, bazkide den horren etxe bereko kideei zuzendurikoa (hilean 5 euro).
Urtemuga betean
Aitzaga elkartetik bazkide izatera animatzen dituzte herritarrak, baita noski, laster iragartzen hasiko diren ekimenetan parte hartzera ere. Hain zuzen, herritar orori begirakoak izango dira hitzorduok. Elkartean luntx eder batekin amaitu zuten iragan ostiraleko bazkideen bilkura nagusia izan zuten abiapuntua. Segida emango diote laster, deialdiokin:
Aitzaga Kultur Elkarteak 30 urte
Urtarrilak 26, ostirala
20:00 Sareren Mikel Laboa plazako elkarretaratzea.
Segidan, Amebaren kontzertua Aitzaga atarian.
Ekainera arte
Hilero izaera politikoko nahiz aisialdira begirako ekimenak.
Ekainak 1, larunbata
Egun osoko jaialdia; bazkaria, kontzertuak... Xehetasun gehiago, aurrerago.
Antolatzailea: Aitzaga Kultur Elkartea.