Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probako ibilbideetako bat prest

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 17a, 10:08

28 kilometro inguruko ibilbidea; "28 km+850" ezaugarriok dituena. Halakoxea da urtarrilaren 28an egingo den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probako ibilbide luzea. Ibilbide motza ere aukeran izango dute partaideek. Antolatzaileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, ordea, "motza ez dugu zehaztu guztiz. Luzearen zatiren bat kenduko dugu baina erabaki gabe dago nondik moztu oraindik".

Aldez aurretik iragarria zuten moduan beraz,  bi ibilbide izango dira aukeran; "bat luzeagoa eta teknikoagoa, bestea motzagoa eta denon gozamenerako". Baina bietako bakar bat ere ez da izango lehiakorra. "Helburua parte hartzaileek geure Andatza mendiaz eta giro ederraz gozatzea" izango da. Parte hartzaileak urtarrilaren 28an, goizeko 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik aipatu ibilbideok osatzera.

500 lagunentzako lekua
Bitartean, ez ahaztu, hitzordu honetan parte hartzeko izen-emateko epeak zabalik segiko du urtarrilaren 24ra arte, kronoak.com atarian, 25 euroren truke. Antolatzaileek ohartarazi duten moduan, "urtero 500 izen-emateetara heltzen gara, beraz, ez itxaron azken unera arte". Badaezpada, halakorik gertatuko balitz, itxarote-zerrenda bat ere osatuko dute, azken orduan norbaitek joaterik izango ez balu parte hartzeko aukera izateko.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba honetan. Jan-edana egongo da ibilbidean zehar eta amaieran frontoian. Parte hartzaileak pilotalekura heltzerako antolatzaileek eginiko zozketetan sarituak izan diren kirolarien dortsal zenbakiak jarriko dituzte, sariak unean bertan frontoian jaso ahal izateko. 

Sariez ari garela; izen-ematearen truke, maillota opari jasoko du parte hartzaile bakoitzak. Neurria hautatzeko azken eguna abenduaren 19a izan zen. Ordutik izena emandakoek maillotaren neurria dortsalak jasotzeko unean bertan hautatu beharko dute, eskuragarri geratzen direnen artean hain zuzen.