Miriam Arrillaga Belokik, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa abiatzear

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 10:25

Argazkia: Emakume Master Cup.

Igandean abiatuko den Emakume Master Laboral Kutxa Txapelketa parte hartuko du Miriam Arrillaga Beloki herrikideak.

Hazten jarraitzen du antolatzaileen esanetan, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketak eta abiatzear den edizioak ere horren islada argia izango du. Iazko urtea oparoa izan bazen emakumezkoen eskupilotarako, datorren edizioa "hobea" izango dela aurreikusi dute. Izan ere, egunotan iragarri dutenez, "gabonetan merezitako atseden egun batzuk hartuta, erabat indarberrituta itzuliko da 2024ko Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa".

Asteburuan abiatuko da ekimena, "elite mailan inoiz baino bikote gehiagorekin". Guztira, antolatzaileen esanetan, 72 pilotarik parte hartuko dute; tartean, herrikide batek, Miriam Arrillaga Belokik, "lau maila desberdinetan banatuta; pilota mistoarekin gazteak, promesak eta eliteak eta maila bakarra, nagusiena, pilota goxoarekin".

Martxora arte
Kuantitatiboki soilik ez, kualitatiboki ere, "kalitatean ere hazten jarraitzen duen txapelketa da hau, aurten bederatzi izango baitira pilota mistoko elite mailan ariko diren bikoteak, inoizko zenbakirik handiena eta lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko pilotariak direla, Oronoz-Goietnetxe jauzia ematera ausartu baitira, iazko emaitza onen ostean".

Hiru multzo osatu dituzte elite mailan, B multzoan lehiatuko da Arrillaga Arraizarekin batera. Ligaxka modukoa jokatuko dute lehenik denak denen aurka. Igandean, urtarrilaren 21ean ekingo diote txapelketari Eskoriatzan; hurrengo norgehiagokak Larrabetzun, Murgian, Etxebarrian, Usansolon, Idiazabalen, Laudion, Elgoibarren eta Arrasaten jokatuko dituzte.

Finalerdiak martxoaren 3an jokatzea aurreikusten dute Elgoibarren. Finala, martxoaren 17rako dute iragarria Arrasaten. Azken fase hau, zuzenean eskainiko du Euskal Irrati Telebistak telebistaz eta internet bidez. "Arrizabalaga-Oses izan ziren iazko txapeldunak, baina aurten bakoitzak bere aldetik egin beharko du txapelaren defentsa, gernikarra aurten Erasunekin arituko da eta oñatiarra Garairekin, biak ere oso kontuan hartu beharreko bikoteak".

Elite mailako parte hartzaileak
-A multzoa: Aldai-Zabala, Beitia-Mendizabal eta Uriarte-Capellan.
-B multzoa: Arrizabalaga-Erasun, Arraiza-Arrillaga eta Oronoz-Goienetxe.
-C multzoa: Garai-Oses, Etxegarai-Gaminde eta Ibarrola-Bergara.