"Ztandap" ikuskizun berria ondu dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 10:40

Albiste honi atxikitako aurrerapen bideoarekin eman dute ezagutzera ikuskizun berria. Laster, otsailean, Usurbilen izango dugu ikusgai.

"Bakean Dagoena Bakean Utzi" binakako bakarrizketa saiorekin ekin zioten ibilbideari 2018. urtean. Gerora etorri zen "Luze edo Motz" ikuskizuna. Barrea hizpide hartuta "Harpa Jotzen" entzun ditzakezue iaz estreinatu zuten EITB-ren "PoZcast"-ean. Eta laster, bueltan izango ditugu oholtza gainean ikuskizun berriarekin Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena. Aurreko beste bi emanaldiekin egin duten moduan, Lankurekin lankidetzan, "Ztandap" emanaldia aurkeztera doaz.

"ZTANDAP binakako bakarrizketa ikuskizun berria dugu. Generoa umoregai hartuta, orgasmo arrakalaz, elkarbizitzaren ajeez eta señora izateaz hitz egiten dugu ordu beteko saioan, besteak beste", iragarri dute bi sortzaileek.

Kulturaldian
Albiste honi atxikitako bideoan duzue emanaldiaren aurrerapen bideoa, ikuskizunaren prestaketa lanei lotutakoa. Izenburua bi umoregileek eskuartean dakarkigutenaren pista ederra duzue. "Bakarrizketa, "stand-up". Gaiak hartu eta lehertu egiten ditugu. Jendea barrez lehertzen dugu. Eztandarazi da gurea, "ztandap".

Izenburua hautatuta, kontakizunaren ildoari heldu nahi diote. "Zer kontatuko dugu? Guri sudurraren puntan jartzen zaiguna; gure istorioak, miseriak, kontuak...". Funtzionatuko duela diote, izan ere, zailena egin dute dagoeneko; "txaketak erostea". Txaketak jantzia, "Euskal Herria, bagoaz!", iragarri dute.

Eta badatoz, Usurbila hain zuzen. Laster emango dizkizuegu xehetasun gehiago, baina NOAUA! Kultur Elkarteak aurtengoan otsailera aurreratu duen Kulturaldiaren baitan aurkeztuko digute Torregaraik eta Martiarenak "Ztandap".