Kickboxing-a probatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 10:12

Oiardo kiroldegian osaturiko taldera batzeko deia egin dute.

Astean bitan elkartzen dira Oiardo kiroldegiko tatamian kickboxing-a praktikatzeko, astearte eta ostegunetan, 19:00-20:00 artean. Egun 10-12 bat lagun biltzen dira, taldetik adierazi digutenez, gehienak hasiberriak dira. Arte martzial mota bat da kickboxing jarduera. Entrenamendu saioetan, ohiko beroketa ariketen ondotik, esaterako binaka entrenatzaileak proposatutako ostikaden konbinazio ezberdinak egiten dituzte. Batek hankekin eragiten dio aurrean duen kideak babesteko jarritako eskuei. Hortik hurrengo urratsa, nahi duenak borrokaldi baterako prestatzea litzateke; “sparring” delakoa, aurreko ariketa horietan landutakoa praktikan jartzea ahalbidetuko lukeen borroka simulatua lantzea.

Animatzen den orok, entrenamendu saioetara agertu eta entrenatzailearekin hitz egin baino ez du. Herrikideen arteko giro polita dutela adierazi digute, arautua dagoen dinamika hau guztia espazio seguru batean egiten dute. Baliagarritzat jotzen dute gorputza landu, energia askatu, nork bere burua defendatzen ikasi edota geure egunerokoan bizi ditzakegun tentsio egoerak kudeatzen ikasteko.