Sortalde

"Energiarekin harremantzeko beste eredu bat sustatu nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 19:05

2022ko udaberrian, energia berriztagarrien inguruko hitzaldi bat antolatu zuen Usurbilgo udalak. Komunitate bat osatzeko planteamendua ekitaldi horretan bertan egin zen. 50 bat lagunek agertu zuten interesa eta iaztik hona talde eragile bat aritu da lanean. Komunitatea zena kooperatiba bilakatu da eta datorren asterako aurkezpen publiko bat iragarri dute sustatzaileek.

Sortalde, Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatearen aurkezpen publikoa egingo duzue urtarrilaren 24an. Horrek esan nahi du dagoeneko entitate bat dela Sortalde, ezta?
Alazne Arruti: Hori da. Urrian jaso genuen aldeko ebazpena kooperatiben erregistrotik. Hasiera batean 30 bazkide-kontsumitzailek eratu dugu kooperatiba eta egitasmoa herri mailan hedatu nahi dugu orain. Bazkidetza kanpaina zabaltzeko prest gaude.

Kooperatibaren berri emateaz gain, eskuartean dituzuen egitasmoak ere iragarriko dituzue datorren astean Sutegin egingo duzuen ekitaldian.
A. A.: Orain arte egindakoa azalduko dugu. Elkartearen eratze-prozesuari buruzko xehetasunak emango ditugu eta, bide batez, 2024. urterako egitasmoen berri emango dugu.

30 herritarrek abiarazi duzue Sortalde kooperatiba. Kide gehiago batu nahi dituzue orain. Kooperatibako bazkide egiteko zer nolako ekarpena egin behar da?
Fernando Iturralde: Bazkide-kontsumitzaileak 100 euroko aportazioa egin behar du (dirua hala ere, ez litzateke arazo izango).
A. A.: Bazkide mota ezberdinak daude baina ohikoena bazkide-kontsumitzaile egitea litzateke.

Elkartera batzeko gonbitea luzatzeaz aparte, 2024rako hainbat proiektu aurreikusi dituzue. Zerbait aurreratzetik bai?
Itxaso Santxez:
Instalazio fotovoltaiko bat ari gara sustatzen. Horretaz gain, bestelako ekimenak ere bultzatuko ditugu. Kontzientziazio kanpainak, besteak beste.

Non kokatuko da instalazio hori, udal eraikin batean akaso?
A. A.: Eremu pribatuan zein publikoan izan daiteke eta hor dago koxka. Gure egitasmoa bideratu samar dugu baina xehetasunak urtarrilaren 24an emango ditugu. Estalki handi bat izango da lehen proiektua, 100 kilovatt-ekoa. Hori da aurreratu dezakeguna. Proiektua finantzatu ahal izateko, dirulaguntza batera aurkeztu nahi dugu. Izen-ematea hain zuzen, horretarako baliatu nahi dugu: zenbat eta jende gehiago batu, hobeto aterako baita lehen instalazioaren egitasmoa.
F. I.: Gaur egun, 100 kilovatt-eko instalazioa da formatu errentagarriena eta egingarriena, eta hortara goaz. Proiektua aurreratu samar dago baina Sutegiko batzarrean erabaki beharreko kontua izango da.
A. A.: Dena den, zein teilatutan joango den ez da hain esanguratsua, baizik eta zenbatek nahi duten elikatu instalazio horretatik.
F. I.: Bestetik, Sortalde ez da horrelako egitasmoetara mugatuko. Kooperatibaren ideia haratago doa. Energiarekin harremantzeko beste eredu bat sustatu nahi dugu.

Hortaz, zeintzuk izango dira Sortalderen lan-ildo nagusiak?
A. A.: Batetik, kontzientziazioa sustatu nahi dugu. Herri mailan energiaren inguruan dagoen jakintzaren arabera, zer formakuntza edota zer nolako ahalduntzea behar dugun zehaztu nahi dugu eta horren inguruan egutegi bat proposatuko dugu. Gai ezberdinak jorratuko ditugu baina zer nolako ekintzak egingo diren zehazteke dago oraindik. Bigarrenik, aholkularitza eskaini nahi dugu. Faktura tailerra egiten hasi gara dagoeneko, elkarri lagunduz. Eta aukera hori ere eskaini nahi diogu herriari. Eta azkenik, energia sortzeko ze aukera dugun jarri nahi dugu mahai gainean.

“Ikasi dezagun elkarrekin jasangarriagoak izaten eta sortu dezagun gure energia propioa”. Proiektu komunitarioak bakarrik sustatuko dituzue ala etxeetako autokontsumoa sustatzeko egitasmoak ere bultzatuko al dituzue?
F. I.: Helburua da energiaren burujabetza sustatzea, makroenpresetatik ihes egitea – ahal dugun neurrian, zaila izango dela jakin arren– eta energia aurrezteko zein energia kudeatzeko beste modu bat bultzatzea. Galderari helduz, bai, bateragarria da gure egitasmoarekin. Ez dakit noraino lagundu ahal izango dugun hortan baina gure egitasmoan horrelakorik ere sartzen da. Baina hasteko, egokiena iruditu zitzaigun instalazio fotovoltaiko kolektibo bat sustatzea.
A.A.: Formula ezberdinak egon daitezke. Izango da bere teilatuan instalaziorik jartzeko aukerarik ez duena. Aldiz, modu kolektiboan eginda, kostuak aurrezten dira eta bere onurak ditu. Adibidez, hainbat etxebizitzetako jabeek instalazio bat egin nahiko balute euren teilatu propioan, materialaren erosketa batera egiteko aukera lukete.

Egoitzarik badu Sortaldek?
A. A.:
Leku fisiko bat eduki nahi dugu baina momentuz Potxoenean batzen gara. Udalak bestetik, energia aholkularitza zerbitzu bat jarri berri du martxan eta guk bulego horren lana konplementatu edo osatu nahi genuke. Udal teknikari horrek bere irismena izango du baina guk ere izango dugu zer eskainia.

Herritarrei bakarrik zuzenduta dago kooperatiba ala dendariek zein herriko enpresek ere parte hartu dezakete?
I. S.: Parte hartzeko modu ezberdinak daude. Herritar bezala, enpresa bezala... Baldintzak eta betebeharrak ezberdinak dira baina herriko dendariek zein enpresariek ateak zabalik dituzte.
F. I.: Herriko komertzioarentzat oso interesgarria izan daiteke ekimen hau. Kontsumo motarengatik adibidez, eguzki panelen bidezko hornikuntza oso mesedegarria izan daiteke zenbait dendarientzako. 0 km politikarekin bat egiten dugunez, herrian kontsumituz ere energia aurrezten ari gara.

Hortaz, urtarrilaren 24ko ekitaldia, kooperatibaren berri emateko eta herritar gehiago batzeko xedez antolatu duzue.
A. A.: Hori da. Gaur egun, sortalde.eus gure web orrian galdetegi bat ipini dugu eta hor azaltzen da bazkide egiteko ze urrats eman behar diren.

Urtarrilaren 24an asteazkena, aurkezpen publikoa Sutegin
Sortalde izena jarri diote Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateari. Taldearen berri eman eta bazkide berriak egiteko xedez antolatu dute datorren asteko saioa. "Trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko asmoarekin sortu den eragile berri hau ezagutzeko gonbita luzatzen dizuegu. Ikasi dezagun elkarrekin jasangarriagoak izaten eta sortu dezagun gure energia propioa! Zatoz, eta ezagutu 2024ari begira ditugun asmoak", aditzera eman dutenez. Sutegin egingo duten bilkuran, Sortalderen lehen proiektuak azalduko dituzte eta bazkide izateko eman beharreko urratsak argituko dituzte.

Urtarrilak 24 asteazkena
• 18:30ean, Sutegin.
• Harremanetarako: info@sortalde.eus
• Antolatzailea: Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea.