Sortalde

Sortalde.eus, Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatearen ataria

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 18:37

Urtarrilaren 24an 18:30etan Sutegin aurkeztuko duten Sortalde Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateak ataria du sarean.

"Energiaren krisi betean, Usurbilgo Udalak lagundutako parte-hartze prozesu bati esker, izaera juridiko berri bat eratzea erabaki dugu 30 herritarren artean. Emaitza, SORTALDE, Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea Koop. S. izan da", hala dio sortalde.eus atariak. Komunitatea datorren asteazkenean, urtarrilaren 24an aurkeztuko dute arratsaldeko 18:30ean Sutegiko auditorioan.

Energia berriztagarrien komunitateari lotutako nondik norakoak hitzordu horretan aurkeztuko dituzten arren, dagoeneko sarean zabalik duten sortalde.eus bada egitasmoaren erakusleiho argia. Eskuartean dituzten proiektuei buruzko hainbat xehetasun aurkitu daitezke bertan; hala nola, "identifikatutako lehen energia sorkuntzarako aukera" ezagutu daiteke, edota  bazkidetza tramitatzeko aukera ere eskaintzen ari dira. Galdetegi bat betetzea eskatzen dute Kooperatibaren kide izateko, kontsumitzaile edota laguntzaile moduan.

"Herritar ekimen ireki eta zabalena dugu helburu"
Sortalde energia berriztagarrien komunitatetik gogorarazten dutenez, "energiaren kudeaketa herritarragoa, zentzuzko kontsumoaren hausnarketa,  gizarte kontzientzia zabaltzea..." dira bilgunearen helburuetako batzuk. Horretarako, alor ezberdinetan eragin nahi dute; besteak beste, aurrezteko moduetan, etxeko energian, pobrezia energetikoan, mugikortasunean...

Tokikoa eta irabazi asmorik gabekoa da Sortalde, lankidetza sustatu nahi duena. "Energia sistemaren demokratizazioa bilatzeaz gain, gure energia kontsumoaz hausnartu eta pobrezia energetikoari aurre egin nahi diogu elkarrekin". Energia berriztagarriak sustatu nahi dituzte, parte hartzearen bidetik. Izan ere, "herritar ekimen ireki eta zabalena dugu helburu".

Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateari buruzko informazio gehiago noiznahi sortalde.eus atarian jaso daiteke eta datorren urtarrilaren 24ko Sutegiko aurkezpen ekitaldian.