Euskarazko literatura sarean guztion esku jartzen diharduen Booktegi egitasmoak bigarren urtez proiektuaren izena daraman jaialdia antolatu zuen Udalarekin eta NOAUA! K.E.-rekin lankidetzan Usurbilen. Pettiren kontzertua, zaintza eta energia hizpide izan zituen literatura solasaldi bana, Udarregikoen “Ipuinaldia” edota poesia irakurraldia tartekatu zituzten urriaren 28an Sutegin eta Zumarten.
Hitzorduetako bat ordea, bertan behera utzi behar izan zuten eta huraxe da hain zuzen, igande honetan, urtarrilaren 21ean, Sutegiko auditoriora dakartena. Arratsaldeko 18:00etan hasita, "20netoak 20 modutara", Harkaitz Cano, Beñat Barandiaran eta Maite Larbururekin. "Hamalaukoa edo sonetoa XIII. mendean sortu zen eta hamaika jarraitzaile izan ditu geroztik. Soneto hitzaren jatorrian probentzaleko hitz bat dago: sonet (kantu ttipia). Honenbestez, Harkaitz Canoren “Pozaren erdia” soneto-bilduma oinarri hartuta, hitz, hots, soinu, doinu eta kantuen arteko zirrikituetan barna jolasean arituko dira bi musikariak eta idazlea, molde klasikoetatik musika urbanora arteko txangoa eginez". Emanaldirako sarrera 5 eurotan eskuratu ahalko da aldez aurretik, usurbilkultura.eus plataforman.