San Sebastian Eguna

Ikasleak danborjole Usurbilen eta Donostiara joateko tren zerbitzu bereziak

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 19a, 08:32

San Sebastian egunaren oihartzuna gure artera helduko da hurrengo orduotan. Ikasleak danborjole lanetan ikusiko ditugu. Bestalde, Donostiara joateko tren zerbitzua izango da gau osoan. 

Ohi bezala, danbor hotsen burrunba hurbiletik entzuteko aukera izango da aurten ere. San Sebastian eguna izango da larunbat hau, urtarrilaren 20a. Aurreko urteen ildotik, danbor hotsen oihartzuna gure artera helduko da jai egun horren bezpera honetan; ostiralean, urtarrilaren 19an. Udarregi ikastolatik jakinarazi dutenez, arratsaldeko 16:00etan “danborrada joko dugu Agerialdeko jolastokian LHko ikasleekin batera”.

Tren zerbitzua gau osoan
Gauean, Donostiako ospakizunetara joateko garraio zerbitzua indartuko dute. Euskotrenek ostiraletik larunbaterako gau osorako "trenen zerbitzu berezia eskainiko du, San Sebastian egunean sortzen diren joan-etorriak errazteko".

Usurbildik Donostiara ostiral gauera arte orduerdiro izango dira trenak ostiral gaueko 22:54ak arte. Zerbitzua ez dute hor etengo. Joan-etorriak hilaren 19tik 20rako gau osoan zehar egin ahalko dira trenez. Usurbildik Donostiarantz: 23:54an, 0:54an, 1:54an, 2:54an, 3:54an, 4:54an, 5:54an eta 6:54an. Larunbatean, San Sebastian egunez, Usurbildik Donostiarantz asteburuetako ohiko zerbitzuak eskainiko ditu Euskotrenek. Izan ere, goizeko 8:24an hasita orduero izango da tren zerbitzua Gipuzkoako hiribururantz. Azkeneko zerbitzua 22:54an.

Donostiatik Usurbilera eta Usurbildik Oriorantz ere gau osoan izango da tren zerbitzua. Ohiko ostiral batean, azkeneko zerbitzua 21:50ean abiatzen da Amarako geltokitik. Urtarrilaren 19tik 20rako gauean etenik gabe orduero izango dira zerbitzu bereziak: 22:50ean, 23:50ean, 0:50ean, 1:50ean, 2:50ean, 3:50ean, 4:50ean, 5:50ean, 6:50ean.... Hala jarraituko du larunbat egun osoan zehar; orduero izango da tren zerbitzua hiriburutik Usurbil aldera, San Sebastian egunez; gaueko 21:50ak arte hain zuzen. Hamalau minutu beranduago iritsiko dira zerbitzu guztiok Usurbilgo geltokira.

Informazio gehiago euskotren.eus atarian edo 944 333 333 telefono zenbakian jaso dezakezue.