Usurbilgo Elkargunea

Parte hartze prozesua, Usurbilgo Elkargunearen egoitza berria edukiz janzteko

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 19a, 19:51

Usurbilgo Elkarguneko sustatzaileek orain arte jorratu duten bidearen nondik norakoak azaldu dituzte gaur, hain zuzen, etorkizunean gune honek izango duen eraikinaren kokalekuan bertan, Udarregi ikastola pareko zelaian. Eraikin horri lotutako parte hartze prozesua bideratu nahi dute datozen hilabeteotan, otsailaren 3an hasita hain zuzen, sustapen lanetan diharduten eragileek eskatua zuten moduan.



Prozesua dinamizatzeaz Elhuyar arduratuko da. Aurreko legealdian, 2020. urtean hasita, Kalezarko auzo ekipamendua eta Usurbilgo Emakumeen Etxea bere baitan hartuko dituen Pelaioenea "edukiz betetzen bidelagun" izan zuen Udalak eta gaur udal gobernu taldeko kide Jon Mikel Azpiazuk zioen moduan, "orain ere eurengana jo dugu Usurbilgo Elkargunearen proiektua eraikitzeko".

Aipatu moduan, Elhuyarrek dinamizatuko du Elkargunearen eraikinari lotutako partaidetza prozesua. "Azken asteotan Aztarrika Gazte Asanbladak, Kulturguneak, Ziortza Gazte Elkarteak eta Usurbilgo Gaztelekuak mahaigaineratutako beharrei zein Usurbilgo herriaren bestelako beharrei erantzun asmo dien ekipamendu komunitarioa definitzeko partaidetza prozesuaren xehetasunak lotzen aritu gara, begi bistatik galdu gabe, ekipamendu komunitario batek herritar guztientzat irisgarri izaten saiatu behar duela, proiektuak eta bertan gertatuko denak, egingo diren jarduerak ingurunearekin zuzeneko elkarrizketan landu beharko direla eta erabiltzaile izango diren norbanako eta eragileen parte hartzea sustatu behar dela", berri eman du Elhuyarreko ordezkari Idurre Zugazagastik gaurko agerraldian.

"Izaera desberdineko saioak"
Abiatzera doazen partaidetza prozesuaren xede duten Elkargunearen definizio partekatu horretara iristeko sei saio aurreikusi dituzte hilabeteotarako. Segidan dituzue prozesuari lotutako xehetasunak. "Izaera desberdineko saioak izango dira, non metodologia eta dinamika ezberdinekin denon parte hartzeaz hainbat gai landu eta adostuko ditugu".

Besteak beste, jorratuko duten bide honen baitan, esaterako, otsailaren 24an "beste esperientzia batzuk ezagutzera joango gara", iragarri dute, haietatik "ideia batzuk hartu nondik nora joan ikusteko". Horrekin batera, Elkarguneari ere izena jarri nahi diote, momentuz Usurbilgo Elkargunea izendapenari eutsiko badiote ere, izen propioa hautatzeko "proposamenak jaso eta eztabaidatuko ditugu hilabeteotan".

Parte hartzeko gonbita
Egitasmo honen sustatzaileei zuzenduta Elhuyarreko ordezkariak eskerrak helarazi nahi izan dizkie, "beste behin ere gugan konfiantza izateagatik eta horrelako ilusio eta gogoz jasotzeagatik". 

Abiatzer den prozesuan parte hartzeko gonbita egin dute gaurko agerraldira joandakoek. "Animatu eta parte hartu!", adierazi dute. Interesa duen Usurbilgo gazte eta kulturgile orori zuzendua egongo da. "Ziur gaude giro atseginean joango direla saioak". Herriko gazteak eta kulturgileak erakusten ari diren inplikazioa eta parte hartzea nabarmendu dute. "Adin ugaritako herritarrak elkartuta lanean ari dira herriari ekarpen bat egiteko asmoz. Uste dugu eskertzekoa dela eta bidea zoragarria izango dela. Beraz, animatu eta parte hartu".

Emaitza, eraikinaren oinarri
Prozesuan sortutako edukia Udalak dituen komunikazio bide ezberdinetatik zabalduko dute eta bide honek emandako horretan oinarrituko dute, Kalezarko Pelaioenearekin egin zuten moduan, "Usurbilgo Elkargunearen arkitektura proiektua". Udal gobernu taldetik gaurko agerraldian berri eman dutenez, egitasmo honen idazketarako "enpresa lotzen ari gara une honetan".


Parte hartze prozesua
Hasiera eguna: otsailak 3, larunbata.
Saioen egutegia: otsailak 3 eta 24, martxoak 16, apirilak 20, maiatzak 18 eta ekainak 15.
Saioen ordutegia: 10:00-13:30.
Saioen lekua: Udarregi ikastolako jangela.
Iraupena: bospasei hilabete.
Jorratuko dituzten gaiak:
-Elkargunea ezaugarrituko duten balioak.
-Kudeaketa eredua.
-Barne-antolaketa.
-Nolako espazioa nahi den.
-Zer beharrei erantzun.
-Nola egituratu.
-Partaidetza prozesua amaitu eta eraikina izan bitarteko denbora horretarako dinamika eta egitekoak zehaztea.
-Elkargunearen izena.
-Beste esperientzia batzuen ezagutza.
Dinamizatzailea: Elhuyar.
Sustatzaileak: Usurbilgo Elkarguneko sustatzaileak.