Usurbilgo Elkargunea

"Hemen eraikiko dugu Usurbilgo Elkargunea"

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 19a, 19:57

Usurbilgo Elkarguneak agerraldia egin du ostiral arratsalde honetan, orain arte egin duen ibilbidearen berri eman eta datozen urratsak iragartzeko. Anbulatorioa, Oiardo kiroldegia edota Udarregi ikastola inguratzen dituen belardia hautatu dute ekitaldirako. Ez da deitzaileek adierazi duten moduan, kasualitate hutsez aukeratutako espazioa izan.

Izan ere, nahita, apropos egin dute agerraldia Kaxkora begira den berdegun horretan. Gune horretan eraikiko dute etorkizuneko Usurbilgo Elkargunearen egoitza izango dena. "Hemen eraikiko dugu Usurbilgo Elkargunea. Horregatik, elkartu gara gaur hemen", iragarri dute.

Elkargunea sustatu duten herri eragileek proiektua aurkeztu zietenetik, "lanean aritu gara proiektu hau gauzatzeko urratsak ematen. Udaleko teknikariekin nahiz eragileekin aztertu dugu Usurbilgo elkargunea non eraiki litekeen eta badaukagu adostasuna". Gaur iragarri duten ikastola pareko zelaiko kokagunea.

Arauetan aurreikusia
Kokagune horixe hautatzeko zergatiaren nondik norakoak azaldu dituzte Elkargunearen sustatzaileek. "Eraikina kokatzeko hainbat proposamen zituzten eragileek eta guztien artean Udarregi ikastolaren atzeko zelaia hautatu dugu, egokiena delakoan bai espazioaren tamainaren aldetik eta baita arauen aldetik ere", Jon Mikel Azpiazu udal gobernu taldeko kideak azaldu duenez.

Izan ere, "egun indarrean diren arau subsidiarioek zein hasierako onarpena emana diogun plan orokorrak espazio horretan udal ekipamendu bat egitea aurreikusten du". 

Udalak "eraikitzeko konpromisoa"
Berriak eraiki aurretik, lehenik zeudenak eta erabiltzen ez diren eraikinak berritzea lehenestea du "irizpide nagusitzat" Udalak, udal gobernu taldetik adierazi dutenez. Bistan denez, ordea, "kasu honetan Usurbilen ez dago eragileek irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik. Beraz, eraikin berri bat egin behar da".

Eta egiteko bidea zabaldu dutela berri eman dute udal gobernu taldetik. "Udalak eraikin edo espazio fisiko berri hori eremu horretan eraikitzeko konpromisoa hartu du".