Usurbilgo Elkargunea

Eraikitze bidean dira Usurbilgo Elkargunea

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 19a, 20:00

Nerabeen, gazteen eta kulturgileentzako espazio berri baten beharra dute, ez soilik nork bere egitasmoak bideratzeko, baita lankidetzan aritzeko ere; elkartu, elkarrekin egon, egin eta eragiteko. Horretara dator, eraikitzen ari diren Usurbilgo Elkargunea. Orain arte elkarrekin jorratu duten bidean urrats garrantzitsu bat iragarri dute lerrootako eragileok denek batera, ostiral arratsalde honetan, urtarrilaren 19an egin duten agerraldian. Elkargunearen proiektua gauzatuko duen kokalekua aurkeztu dute; Udarregi ikastolako pareko zelaia. Hilabeteotan egindako bideak ekarri duen emaitzetako bat izan da, baina ez bakarra. Izan ere, lankidetzak ekarpen gehiago ere egin die lerrootako eragile hauei guztiei.

Aztarrika Gazte Asanblada
Gune propio baten beharra aspaldidanikoa dela nabarmendu du Aztarrika gazte asanbladak gaurko agerraldian. Zehaztu dutenez, "Usurbilgo Elkargunearen proiektua gaztetxe baten beharra aldarrikatzetik dator. Gazteok gure sentituko dugun espazio bat behar dugu herrian, herri mugimendua hauspatzeko eta indartzen jarraitzeko". 

Gunea bera topaleku izan daiteela uste dute, "herriko eragileekin partekatzeko modukoa. Izan ere, sinetsita gaude elkarlanean diharduen gazte mugimenduak herrian eragiteko gaitasuna eta grina biderkatzen duela".

Argudio hauek tarteko, sustatu nahi zuten elkargune bat Usurbilen. Ideia Kulturguneari eta Ziortza gazte elkarteari eta Gaztelekukoei aurkeztu zieten. Haien guztien lankidetzatik hasi dira irudikatzen hilabeteotan "herriko nerabeen, gazteen eta kulturgileen arteko lotura". Ildo honekin, "sinetsita gaude, kultur zein gazte eragileek gune bat partekatzeak herriko ekimen komunitarioak elikatzen lagunduko duela".



Kulturgunea

Usurbilgo Kulturgunetik ere Elkargunearen beharra azpimarratu dute gaurko agerraldian. "Usurbilgo erdigunean ez daukagu gaur egun, zuzeneko kulturaz zutik gozatzeko aretorik. Halaber, sortzaileok ez dugu espazio partekaturik sormen proiekturik eraikitzeko edota elkar ezagutzeko. Elkargunearen espazio berri horretan, helburu horiek asebete nahi lituzke Kulturguneak".

Espazioa gazteekin partekatzea oso aberasgarritzat jotzen dute, gainera. "Euskal kulturaren transmisiorako erreferentziazko gunea izan liteke espazio hau. Usurbilen bertan bilduko bailirateke, herriko nerabeak, gazteak nahiz hezitzaileak, euskal kulturzaleak sortzeko hezitzaileak ere kultur ekosistemaren baitan kokatzen baititugu. Euskal kulturaren transmisiorako aktore garrantzitsuak zaizkigu".

2021-22 ikasturtean herriko kulturgileek egindako partaidetza prozesuan identifikatu zuen hain zuzen sektoreak "zuzeneko kulturaz zutik gozatzeko eta sorkuntzarako espazio baten beharra".

Baina argi zuten eta dute, "ez dugu herrian eskura ditugun kultur ekipamendurik bikoiztu nahi". Izan ere, gogorarazi dutenez, herri honek hainbat gune apropos baditu kulturgileentzat; "Potxoeneak hitzaldietarako nahiz bileretarako espazio aproposa eskaintzen du. Sutegik liburutegia, erakustaretoa nahiz auditoriuma eskaintzen dizkigu. Zumarte edota Haraneko entsegu lokalak ere musikaz betetzen ditugu, gainezka batzuetan. Dantzarako espazioa daukagu Kiroldegian eta herri auzoetan ere badira beste hainbat lokal egunerokoan kulturaz betetzen ditugunak, arte plastikoz esaterako".




Ziortza gazte elkartea

Ziortza gazte elkartetik ere espazio baten beharra dutela aldarrikatu dute gaurko agerraldian. Izan ere, urtez urte parte hartzaileen kopurua handitzen doakie. "Egun, hilero antolatzen ditugun ekintzetara gutxi gorabehera 130 gazte inguru gerturatzen dira. Aldiz, ez dugu hainbeste pertsona elkartzeko espaziorik".

Askatasuna plazako estalpea baliatzen dute dinamiketarako, baina argi dute, "Elkargunean guztiok elkartzeko aukera izango genuke, eta gainera, herriko beste eragileekin batera antola genitzake ekintzak". Ildo horretan, gaineratu dutenez, "Elkargunearen espazioa ahalbidetu dezakeen elkarlan horrek herritarren aisialdi jarduerak nahiz jarduera profesionalak herriko egitasmo orokorren baitan koka ditzake".



Gaztelekua

Eragileekin hartuemanetan aritzea eta hori sustatzea "aberasgarriena dela" adierazi dute baita Gaztelekutik ere. "Udalak eskaintzen duen gizarte eta heziketa zerbitzu publikoa da. Bertan, 12-17 urte arteko nerabeen edo gazteen garapen konstruktiboa eta osasungarria sustatu nahi da, aisialdiko gune gisara. Sinetsita gaude garapen hori herriko gainerako eragileekin hartuemanean sustatzea dela aberasgarriena herritarrentzat".

Gainerako eragileekin lankidetzan prozesu bat burutu dute. "Proiektua martxan jartzeko ideia osagarri horiek partekatu ostean, partaidetza prozesu bat egin genuela azaldu genuen, espazio horren kokapena, banaketa, funtzionamendua edo kudeaketa bezalako gaiak elkarrekin adosteko. Horretarako, babesa eta laguntza eskatu genion Udalari".



Udala

Eta Usurbilgo Udalak ere bat egin du Elkargunearekin. "Udalak potentzialtasun handia ikusten dio proiektuari. Izan ere, lau eragileren elkarlanetik sortua bada ere, uste dugu Usurbilgo herrian eta herritarren hainbat beharrei erantzuteko balioko duela", adierazi du udal gobernu taldeko ordezkari Jon Mikel Azpiazuk.