Kultur eragileekin hasita, bilera erronda egunotan

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 22a, 07:12

Abiatu berri duguna askotariko gaiei lotutako bilera astea izango da. Denetariko gaiak izango dira hizpide, hitzordu hauetan guztietan.

Hasteko, kultur eragileekin bilkura deitu dute astearterako Usurbilgo Udalak eta Kulturguneak. Honako gaiak hartuko dituzte ahotan: kultura eta sorkuntzako dirulaguntza deialdi berriak, egutegi dinamikoa eta Elkargunea.

Biharamunean, beste bi saio izango dira. Batetik, martxoaren 19an gaueko 23:00ak aldera geure artera helduko den 23. Korrikara begirako girotze lanei ekiteko saioa deitu dute hilaren 24an, batzordea osatzeko gonbita. Hitzordua, ekarpenen bat egin nahi duen norbanako nahiz eragile orori zuzendua dago, baita eskuartean Korrikaren atarian, usurbildarrekin partekatu nahi luketen euskarazko sorkuntza egitasmorik dutenei ere. Etumeta AEK euskaltegitik berri eman digutenez, jada norbanako baten ekarpena jaso dute.

Sortalderen aurkezpena
Ordubete lehenago, Usurbilen eratu den "Sortalde, irabazi asmorik gabeko kooperatiba" aurkeztuko dute jendaurrean Sutegin. "Hasiera batean, 30 herritarren parte hartzearekin abiatu zen ekimena, eta orain, herriari zabaldu nahi zaio ahalik eta parte hartzea zabalena izan dezan. Hori dela eta, Usurbilen, trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko asmoarekin sortu den eragile berri hau ezagutzeko gonbita luzatzen dizuegu. Ikasi dezagun elkarrekin jasangarriagoak izaten eta sortu dezagun gure energia propioa! Zatoz, eta ezagutu 2024ari begira ditugun asmoak. Bertan azalduko ditugu buruan ditugun lehen proiektuak eta bazkide izateko eman beharreko urratsak".

Elkar laguntzeko
Bileren astea amaitzeko, bilgune berri bat osatzeko deia egin dute Potxoenean. Elkar laguntza talde bat osatzen ari dira Usurbilen eta interesa duten familia denei parte hartzeko gonbitea luzatu nahi zaie. Sentsibilitate handiko pertsonak (PAS) eta adimen gaitasun handiak (AGH) dituzten umeen gurasoei zuzendutakoa da ekimen hau eta bilera bat iragarri dute ostegunerako.

Bilera astea
Urtarrilak 23, asteartea
18:30 Bilera kultur eragileekin Potxoenean.
Deitzaileak: Usurbilgo Udala eta Kulturgunea.

Urtarrilak 24, asteazkena
18:30
Sortalde,Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatearen aurkezpena Sutegin.
Deitzailea: Sortalde.
19:30 Korrika Batzordearen bilera Etumeta AEK euskaltegian.
Deitzailea: Etumeta AEK euskaltegia.

Urtarrilak 25, osteguna
17:30 Elkar laguntza taldea osatzeko deialdia Potxoenean. Sentsibilitate handiko pertsonak (PAS) eta adimen gaitasun handiak (AGH) dituzten umeen gurasoei zuzendutakoa. Informazio gehiagorako:
-E-posta: familiadecebras@gmail.com
-Instagram: @familiadecebras