"Danborrek jotzen jarraituko dute". Hitz hauekin oroitu eta agurtu nahi izan zuten Donostiako Eskaut Gia Tanborradako lagunek iragan ekaina hasieran zendu berri zen bilguneko kide Antxon Zubeldia Maiz usurbildarra. Bera zendu osteko lehen San Sebastian eguna ospatu dute asteburuan Gipuzkoako hiriburuan eta, nola ez, Zubeldia omentzeko tartea hartu dute.
Albiste honi atxikia duzue herrikide batek helarazi digun argazkietako batean, danborrada horretako kideekin batera Antxonen senideak, asteburuan egin dioten merezitako omenaldi ekitaldi hunkigarrian. Oroigarria eta lore-sorta eman zizkioten Antxonen amari. Segidan datorren argazkian ageri da Zubeldia bera, danborradan parte hartu zuen urteetako batean.
Lehen danborrada inklusiboa
Izan ere, usurbildarra Donostiako Eskaut Gia Tanborradako kidea zen. Sustatzaileek gogorarazi moduan, "Scout-ez eta gidariz osatutako danborrada bat gara". Historikoena, kideen esanetan. "Eskaut Gia da, alde handiarekin, ibilbide luzeena egiten duen danborrada. Egian hasi eta bertan amaitzen da, Grosetik, Alde Zaharretik eta Erdialdetik igaro ondoren". Aitzindaria da baita. "Gurea sortzez mistoa den lehen danborrada da, baita Danbor Nagusia emakumea duen lehena ere. Beti danborrada inklusiboa izan gara, desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituztenak baztertu gabe. Mundu guztiarentzako zabalik dago".
Estreinakoz 1982. urtean irten ziren, "nahiko modu inprobisatuan danborrada hau martxan jarri zen urtean. Ikastola batek utzitako materialarekin irten ginen, atzera-martxarik ez zuen auto baten gainean jarrita genuen musikarekin besterik ez, eta kaleko arropa izan zitekeen uniforme batekin: jertse urdina, galtza zuriak eta txapela". Egun, bestelakoa dute janzkera, "Murchanteko Las Peñas Txaranga gurekin doa giroa animatzen".
Taldean izan da aldaketarik hamarkada hauetan. "Pertsona batzuk jada erretiratuak eta beste batzuk aktiboan, Aratz eta Iruzun taldeetan lanean ari direnak. Denboran zehar mugimenduarekin loturarik ez duten pertsonak ere hasi dira danborradan parte hartzen. Ez gaude elkarte bati lotuak eta ez gara auzo jakin batekoak".