Indarberrituta, sasoiko zalantzarik gabe, eta ohi bezala, koloretsu dator aurtengo Inauteri Festa. NOAUA! Kultur Elkarteak iragan astean iragarri zuen bidali zenituzten ekarpenetatik datorren ediziorako hautatua izan den gaia; fauna. Askotariko mozorroak diseinatzeko aitzakia ematen du zalantza izpirik gabe.
Faunaren unibertsoan murgilaraziko gaitu beraz, otsailaren 10ean Usurbilen izango dugun Inauteri Festak. Hasi, ordea, bezperan barneratuko gara mozorro festan, berrikuntzekin, gainera. Izan ere, dakizuenez, ikastetxeen emanaldien ondotik, Orbeldi dantza taldea izaten da Usurbila inauteri giroa ekartzen diguna. Aurtengoa ez da salbuespen urtea izango. Herriko dantzarien kalejiraz gozatzeko aukera izango dugu otsailaren 9an, baina adi; "Urderen etorrera" iragarri dute aurtengoan. Ekimenera batzeko deia egin dute, mozorrotuta. Asteotan emango dizkizuegu xehetasun gehiago.
Kalejirak eta erromeria
Biharamunean, hilaren 10ean izango dugu inauteri festa egun nagusia Usurbilen. Aipatu moduan, fauna izango da mozorrotzeko proposatzen dizuegun gaia. Ezohiko jantziak soinean dituzuela kaleratzeko gonbita egin du NOAUA! Kultur Elkarteak; goizetik goizaldera, egunpasa ederra egiteko aukera izango da. Goizean eta arratsaldean, kalejira bana. Goizekoa mozorro dantza-kalejira Kiroldegitik; ekimenarekin bat egiteko deia egin dute. Arratsaldean, egun hau ederki asko ezagutzen duten Burrunbazale txarangako kideak izango ditugu bueltan. Haiekin ere herrian gora eta behera kalejiran ibiltzeko aukera izango da.
Eta eguna borobiltzeko, estreinaldi bat; garai bateko Laiotz taldetik eratorritako kideek osatu duten proiektu berria, Itzal taldearekin erromeria frontoian goizaldera arte. Taldeko kideen artean, herrikide bat dugu; Manex Torrealdai Gorriti.
Atzerako kontaketa abian da beraz. Segidan duzue aurtengo mozorro festako egitaraua eta baita kartela ere:
Inauteri Festa
Otsailak 9, ostirala
19:00 Urderen etorrera. Kiroldegitik abiatuta kalejira. Mozorrotu eta etor zaitez gurekin Usurbilgo inauteriaz gozatzera!
Otsailak 10, larunbata
Gaia: fauna.
11:30 Mozorro dantza-kalejira Kiroldegitik abiatuta!
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Orbeldi dantza taldea, Zumarte musika eskola eta Usurbilgo Joaldunak.