Batetik, Oxtapeko sarrera itxita egongo da, igandean 8:00-14:00 artean. Ondorioz, Donostia-Zumaia arteko autobus zerbitzuak San Inazioko biribilgunean egingo du geldialdia. Gune horretatik sartu eta irten ahalko da herritik. Horrez gain, Kaxkotik abiatu eta bertan amaituko denez proba, bide mozketak izango dira herri erdigunean. Udaltzaingotik ahal dela ibilgailuen erabilera saihestea gomendatu dute inguruotan: Santuenetik Zubietarako bidean edota Kale Nagusian Oxtapetik hasi eta Eliza parera arte. Mikel Laboa plazatik abiatu eta Zubiaurrenea kaletik Bizkarrera, handik Santueneara eta gero Txokoalderako bidea hartuko dute parte hartzaileek, goizeko 9:00etatik aurrera.
"Ez dira dortsal asko gelditzen"
Heltzear da eguna; igandean, urtarrilaren 28an, ehunka mendiko txirrindulariren topagunea izango da udalerri hau, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probari esker. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, sei egun barrurako egingo den hitzordurako "ez dira dortsal asko gelditzen".
Haietako bat eskuratzeko hiru egun baino ez dira falta. Izan ere, ostegun honetan, urtarrilaren 25ean goizeko 9:30ean itxiko dute izen-ematea kronoak.com atarian. "Ez gelditu gabe!", adierazi dute. Proba egunean ez da apuntatzeko aukerarik izango.
Bi ibilbide
Eguraldi aurreikuspen ederra dago, bestalde, hilaren 28rako. Antolatzaileek sare sozialen bidez iragarri dutenez, "aurtengoan eguraldi paregabea espero dugu!". Atzo ere halakoxea izan zuten. Ibilbideko azken garbiketa lanetan jardun zuten antolatzaileek.
Aldez aurretik iragarria zuten moduan beraz, bi ibilbide izango dira aukeran; "bat luzeagoa eta teknikoagoa", 28 kilometrokoa, "bestea motzagoa eta denon gozamenerako". Baina bietako bakar bat ere ez da izango lehiakorra. "Helburua parte hartzaileek geure Andatza mendiaz eta giro ederraz gozatzea" izango da. Parte hartzaileak urtarrilaren 28an, goizeko 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik aipatu ibilbideok osatzera.
500 lagunentzako lekua
Antolatzaileek ohartarazi duten moduan, "urtero 500 izen-emateetara heltzen gara, beraz, ez itxaron azken unera arte". Badaezpada, halakorik gertatuko balitz, itxarote-zerrenda bat ere osatuko dute, azken orduan norbaitek joaterik izango ez balu parte hartzeko aukera izateko.
Bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba honetan. Jan-edana egongo da ibilbidean zehar eta amaieran frontoian. Parte hartzaileak pilotalekura heltzerako antolatzaileek eginiko zozketetan sarituak izan diren kirolarien dortsal zenbakiak jarriko dituzte, sariak unean bertan frontoian jaso ahal izateko.
Sariez ari garela; izen-ematearen truke, maillota opari jasoko du parte hartzaile bakoitzak. Neurria hautatzeko azken eguna abenduaren 19a izan zen. Ordutik izena emandakoek maillotaren neurria dortsalak jasotzeko unean bertan hautatu beharko dute, eskuragarri geratzen direnen artean hain zuzen.