2024-25 ikasturtea

Ikastola barrutik ezagutzeko aukera larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 23a, 08:06

2024-25 ikasturtera begirako matrikulazio kanpainaren atarian, urteroko ate irekien bi saio antolatu ditu Udarregi ikastolak larunbaterako, urtarrilaren 27rako.

Udarregi ikastolaren proiektua eta azpiegiturak ezagutzeko egokiera ederra izango da asteburuan. Izan ere, ate irekien bi saio antolatu ditu ikastolak urtarrilaren 27rako; lehenengoa, goizeko 10:30ean eta bigarrena, ordu eta erdi beranduago, 12:00etan. "Agerialde eraikin parean elkartuko gara (Alperroburu, 5 zk.)".

Bi saio hauetan, "ikastolako funtzionamendua azalduko dugu eta ikastolan zehar ibiliko gara eraikuntza ikusiz (haurrekin etor zaitezkete)". Hitzordu batean zein bestean parte hartzeko izena aurrez eman beharko da, hilaren 25a baino lehen, udarregi.eus atarian. "Zatoz gu ezagutzera!", egin dute gonbita ikastolatik.

Otsailaren 7tik 23ra
2024-25 ikasturterako matrikulazio kanpainaren atarian antolatu du hitzordu hau Udarregi Ikastolak. Hain zuzen, otsailaren 7an irekiko dute horretarako epea. Hilaren 23ra arte luzatuko dute eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko denbora tarte hau. Hala iragarri zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, urtarrilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kaleraturiko aginduaren bidez.

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan "2024-2025 ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onartzeko epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak" argitaratu ditu Jaurlaritzak. 

Egutegia
a) Ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea: otsailaren 6ra arte.
b) Eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea: otsailaren 7tik 23ra.
c) Eskabideak aldatzea: otsailaren 23ra arte.
d) Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: martxoaren 12a. Kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 21era arte.
e) Onarpen-prozesuaren hasiera: martxoaren 12a.
f) Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoaren 26a. Kontsulta: apirilaren 10era arte.
g) Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan: apirilaren 10era arte.
h) Eskabidean atzera egitea: apirilaren 10era arte.
i) Behin betiko zerrenden argitalpena: apirilaren 26a. Kontsulta: maiatzaren 30era arte.
j) Hezkuntzako lurralde-ordezkariek adjudikatutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilaren 29a.
k) Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde ordezkariari: maiatzaren 30era arte.
l) Estatistika-datuak grabatzea: maiatzaren 2tik 9ra. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
m) Itxarote-zerrendaren indarraldia: irailaren 13ra arte.
n) Plazen erreserbaren iraunaldia: irailaren 13ra arte.
ñ) Ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia: irailaren 13ra arte.

Informazio gehiago, urtarrilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.