Egunotarako iragarritako bilera sortaren baitan lehenengoa, astearte honetan, urtarrilaren 23an 18:30ean Potxoenean. Izan ere, kultur eragileekin bilkura deitu dute Usurbilgo Udalak eta Kulturguneak. Honako gaiak hartuko dituzte ahotan: kultura eta sorkuntzako dirulaguntza deialdi berriak, egutegi dinamikoa eta Elkargunea.
Udal dirulaguntzei dagokienean, gogoan izan, deialdion oinarriak urtarrilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Usurbilgo Udalak. Atzotik zabalik da eskabideak aurkezteko epea; besteak beste, kultur arloko laguntza lerrootarako:
Kultur arloko udal dirulaguntzak
Kultura
Xedea: 2024ko kultur arloko egitasmoak burutzeko udal dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea norgehiagoka erregimenean. "Kultura Sare eraldatzailea, dinamikoa eta parte-hartzailea sustatzea; kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortzea; herritarrek ongi pasatzera bideratua dagoena eta era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen lagunduko duena", helburuok lortu nahi dira.
Kopurua: gehienez 95.000 euro.
Balorazio irizpideak: parte hartzaileen diru-sarreradun ikastaroak %60 diruz lagunduko dira (parte hartzaile bakoitzeko gehienez 100 euro); irteerak %10, kanpamentu, udako ekintza txoko eta abarrak %60a; gainerako kultur ekintzak %95.
Ordainketa: %75a dirulaguntza ematean, gainerakoa aurrekontu osoari dagokion gastua justifikatutakoan.
Kultur sorkuntzarako dirulaguntzak
Xedea: "Usurbilgo artistei sorkuntza prozesuetarako dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean. Betiere berdintasun, ingurumen eta euskara arloko legeria kontuan izanik". Dirulaguntza lerro honek helburuok ditu; "sormena bultzatu; kultura sare eraldatzaile, dinamiko eta parte-hartzailea sustatu; herritarrek goza dezaten kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortu; eta, era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen lagundu".
Diruz lagunduko diren ekintzak: 2024ko arte eszenikoak eta performatiboak, arte plastikoak, musika-arteak, literatura-arteak, ikus-entzunezko arteak, beste zenbait kultur adierazpen artistiko...
Kopurua: guztira gehienez 15.000 euro. Eskatzaile bakoitzeko gehienez 3.000 euro. "Dirulaguntza bidez ezingo da jaso kostu horren %90a baino gehiago".
Balorazio irizpideak: originaltasuna, sormena eta berritzailetasuna; ideia garatzeko teknika eta metodologia; kultur esparruari egindako ekarpena; herriko kultur eta gizarte dinamikekiko lotura; herriko ondare kulturala aintzat hartuta egina izan eta elikatzen ote duen; kultur eragileekin elkarlana sustatzea; hainbat gaiei (ingurumena, euskara, parekidetasuna, kulturartekotasuna...) ekarpena egin eta hausnarketa kritikoa bultzatzen ote duen; proiektuaren bideragarritasuna; sortzailearen estreinako lana izatea;...
Ordainketa: %75a dirulaguntza ebatzitakoan, gainerakoa aurrekontu osoari dagokion gastua justifikatutakoan.
Informazio gehiago, urtarrilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.