Bi hilabete geratzen dira oraindik, baina prestaketa lanei ekin asmo dute herri honetan ere. Hain zuzen, bi urtean behin geure artetik igarotzen den lasterketa girotzeko osatzen da Korrika Batzordea. Aurtengo ediziora begirako antolaketa lanak bideratzen hasi eta bilgune hau osatzeko lehenengo bilera deitu dute, asteazken honetarako, hau da, urtarrilaren 24rako, iluntzeko 19:30ean Etumeta AEK euskaltegian (Kale Nagusia, 43).
Hitzordua, ekarpenen bat egin nahi duen norbanako nahiz eragile orori zuzendua dago, baita eskuartean Korrikaren atarian, usurbildarrekin partekatu nahi luketen euskarazko sorkuntza egitasmorik dutenei ere. Etumeta AEK euskaltegitik berri eman digutenez, jada norbanako baten ekarpena jaso dute.
Denetarik egin izan da
Hortik aurrera, zer egin, noiz, nola... erabaki hauek guztiak Korrika Batzordeak hartzen ditu. Lehenengo bilera, aipatu moduan, hilaren 24an.
Aurreko edizioetan, euskararen aldeko lasterketa girotu izan dute ikastetxeek, tokian tokiko Korrika Txikien bidez. Horrez gain, 2022koan esaterako, goizaldean igaro zenez, gazte mugimenduak zumba baliatu zuen beroketa ariketak egiteko, gosari gozo askoa ere prestatu zuten euskaltegikoek, ibilbide kultural bat programatu zuten...
Denboran atzera eginez gero, Korrika Kulturalaren baitan sortutako egitasmoak aurkeztu izan dira, olinpiadak ere egin izan dira... Aurtengo eskaintza datozen asteotan hasiko dira diseinatzen.