Otsailaren 14tik aurrera

Telebista, soilik bereizmen handian ikusgai

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 24a, 08:00

Lurreko Telebista Digitala (LDT) bereizmen handian ("HD" sisteman) baino ezingo da ikusi otsailaren 14tik aurrera. "SD" edo bereizmen estandarreko telebista kateak ikusteari utziko diogu datozen asteotan. 

Ziurrenik gehienoi eragingo ez dizuen aldaketa, baina badaezpada aipatu beharrekoa. Datorren otsailaren 14tik aurrera, telebista bereizmen handian baino ezingo da ikusi. Hau da, telebista kateak "HD" hizkiekin ezagutzen ditugun sisteman baino ezingo dira sintonizatu. Desagertu egingo dira, beraz, orain arte "SD" edo bereizmen estandarrean ikusgai egon diren telebista kate guztiak. 

Iturri ofizialen arabera, telebista gehienak, %98a, bereizmen handiko ("HD") telebista kateak ikusteko prestatuak daude. Kasuotan, telebista kateak berrantolatu baino ez dira egin beharko; agian, kasu batzuetan, zenbait kate berriro sintonizatu ere bai. Horretarako, ordea, telebistak modu horretan ikusteko prest egon beharko du.

Telebista ikusteko bi sistema hauen artean dagoen ezberdintasuna, hobekuntza da. "HD" bereizmen handiko irudia kalitate hobeagokoa da, baita soinua ere. 

Urrats honekin, Lurreko Telebista Digitala bereizmen handira igarota, adituen esanetan, ikus-entzunezko bitarteko honen modernizazio prozesua amaituko da.