Ostegun goizean itxiko dute, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen-ematea

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 24a, 10:33

Ostegun goizeko 9:30ak arte eman ahalko da urtarrilaren 28ko probarako izena, kronoak.com atarian.

Heltzear da eguna; igandean, urtarrilaren 28an, ehunka mendiko txirrindulariren topagunea izango da udalerri hau, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probari esker.

Ostegun honetan, urtarrilaren 25ean goizeko 9:30ean itxiko dute izen-ematea kronoak.com atarian. Proba egunean ez da apuntatzeko aukerarik izango.

Bi ibilbide
Eguraldi aurreikuspen ederra dago, bestalde, hilaren 28rako. Antolatzaileek sare sozialen bidez iragarri dutenez, "aurtengoan eguraldi paregabea espero dugu!".

Aldez aurretik iragarria zuten moduan beraz,  bi ibilbide izango dira aukeran; "bat luzeagoa eta teknikoagoa", 28 kilometrokoa, "bestea motzagoa eta denon gozamenerako". Baina bietako bakar bat ere ez da izango lehiakorra. "Helburua parte hartzaileek geure Andatza mendiaz eta giro ederraz gozatzea" izango da. Parte hartzaileak urtarrilaren 28an, goizeko 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik aipatu ibilbideok osatzera.

500 lagunentzako lekua
Antolatzaileek ohartarazi duten moduan, "urtero 500 izen-emateetara heltzen gara, beraz, ez itxaron azken unera arte". Badaezpada, halakorik gertatuko balitz, itxarote-zerrenda bat ere osatuko dute, azken orduan norbaitek joaterik izango ez balu parte hartzeko aukera izateko.

Bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba honetan. Jan-edana egongo da ibilbidean zehar eta amaieran frontoian. Parte hartzaileak pilotalekura heltzerako antolatzaileek eginiko zozketetan sarituak izan diren kirolarien dortsal zenbakiak jarriko dituzte, sariak unean bertan frontoian jaso ahal izateko. 

Sariez ari garela; izen-ematearen truke, maillota opari jasoko du parte hartzaile bakoitzak. Neurria hautatzeko azken eguna abenduaren 19a izan zen. Ordutik izena emandakoek maillotaren neurria dortsalak jasotzeko unean bertan hautatu beharko dute, eskuragarri geratzen direnen artean hain zuzen.