Berriki herrian izandako lan-istripua salatzeko elkarretaratzea ostiralean

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 25a, 07:31

Berriki lantegi batean izandako lan-istripu larri bat salatu eta langileari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du LAB sindikatuak ostiral honetarako, urtarrilaren 26rako 13:00ean Mikel Laboa plazan.

Mobilizatzeko deia egin du LAB sindikatuak ostiral eguerdi honetan, urtarrilaren 26an. Elkarretaratzea deitu du 13:00ean Mikel Laboa plazan. Lan istripuen salaketa kaleratu nahi du eta herri erdigunera ekarri aipatu sindikatu abertzaleak. Izan ere, berriki herriko lantegi batean izandako ezbehar larria salatu eta bertan kaltetutako langileari elkartasuna adierazi nahi zaio deialdi honen bidez. 

Herrian zehar eseki dituzten kaleetan jarritako kartelek argi adierazten duten moduan, "lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" aldarripean deitu du LAB-ek biharko elkarretaratzea. 

Sindikatu berak gogorarazi duenez, iaz 59 langile hil ziren lan-istripuetan. Urte berriko 25. egun honetan garenean, dagoeneko 9 dira sindikatutik salatu duten moduan, Euskal Herrian prekarietateak hildako langileak.