Horien artean, bat Zubietan kokatuko da. Kooperatiba honetatik bultzatuko duten 114,45 kWp-ko lehenengo autokontsumo instalazio kolektiboa izango da. Albiste honi atxikitako argazkian duzuen bertako frontoiko teilatuan kokatuko dute. Eraikitako leku bat lehenetsi nahi zuten, eta hortxe jarriko dute. Esleipena martxan dela jakinarazi zuten atzoko Sutegiko aurkezpenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza deialdira ere aurkeztu asmo dutela jakinaraztearekin batera.
Instalakuntza horri esker, frontoi estali honen bueltan, bi kilometroko eremuaren baitan geratzen diren eraikinek baliatu ahalko dute Zubietako gune zehatz honetan sortuko den energia. Zonalde horretan sartzen da Zubieta osorik noski, baita Txikierdi, Kalezar, Kaxkoa eta Santueneako zati bat. Eguzki izpietatik elikatuko den instalakuntza hau, elikatzen ari den unean bertan, energia sortu ahala erabiltzea izango dela gomendagarriena azaldu zuten. Bertako energia baliatu nahi dutenen bizilekuan ez da instalakuntzarik egin beharko. Zubietako frontoko teilatutik jasoko den energia baliatu nahi duenari zuzenduriko bazkidetza kanpaina zabaltzen hasiak dira; gutxienez 120 bat batzea egokitzat jo zuten instalakuntza horren aprobetxamendu egokia egiteko. Kudeaketa kolektibo honek kostu aurrezketa dakarrela gogorarazi zuten.
Aholkularitza eta formazioa
Horrez gain, aholkularitza zerbitzua eskaintzea dute beste helburu nagusietako bat. Bide horretan, bulego propio bat izatea ere badute urte berriko asmoen artean. Momentuz, Potxoenean biltzen dira. "Tresna egokia da herria ahalduntzeko, energiaren gaia herriratzeko", zioten Sortalderen sustatzaileek atzoko Sutegiko aurkezpenean. Aste hasieran, Usurbilgo Udalak irekitako eta berriz martxan jarritako energia aholkularitza zerbitzuarekin lankidetzan aritu nahi dute, ahalik eta eremu gehienetara heltzeko.
Hala, fakturazioari edota energia eraginkortasunari buruzko argibideak eskaini edota energia ohituretan eragin nahi dute, baita energia sistemen berritzean, pobrezia energetikoaren gaian edota autokontsumoan, aipatu aholkularitza zerbitzu honen bidez.
Gai horietan guztietan egon daitezkeen gabeziei aurre egiteko formakuntza ere sustatu nahi dute. Estreinatu berri dugun 2024. urtea hiru hiruhilekotan zatitu dute; aipatu denbora tarte hauetako bakoitzean gai bana jorratuko dute. Hasteko, negu parte honetan, apirila aldera arte, eguneroko kontsumoa hartuko dute hizpide nagusi gisa. Udaberrian, mugikortasunaren gaia jorratu nahi dute. Kasu honetan, lanketarako hainbat kontu azpimarratu zituzten; hala nola, herrien arteko bidegorrien azterketa, autoa partekatzeko sistema, Udalak duen auto elektrikoaren erabilera sustatzea... Azkenik, uda ostean, energia elektrikoaren gaiari heldu asmo diote.
"Zuek nahi zaituztegu partaide"
Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateari buruzko informazio gehiago sortalde.eus atarian jaso dezakezue. Webgune horretan bertan, Sortalderen proiektuen berri izan daiteke, sortu duten kooperatibako bazkidetza ere bertan, online bidera daiteke. Horretarako, aski izango da bertan esekia duten galdetegia betetzea.
Horixe dute hain zuzen, urte berrirako erronketako bat; "bazkidetza areagotzea lehen proiektuak martxan jarri ahal izateko". Ildo horretan, Sutegiko aurkezpenean ziotenez, "zuek nahi zaituztegu partaide, zuek izan zaitezten gu". Komunitatean lan egin nahi dute baina "dena energiaren truke eman" gabe. Energia berriztagarriak sustatzeko jaio da Sortalde, baina bilgunetik energia aurreztu eta kontserbatzea lehenetsi nahi dute; eta, ildo horretan, irabazi ekonomikoak helburu nagusi dituzten enpresen aurrean, beste oinarri batetik lan egin, bistan denez, herritik herriarentzat.