Sortalde

"Egungo eredu energetikoari alternatibak aurkezteko bildu gara Sortalden"

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 25a, 14:25

Asteazken honetan Sutegin aurkeztu dute Sortalde, Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateak eratu duen kooperatiba; "Sortalde, Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea Koop.S.".

Energiarekin harremantzeko beste eredu bat sustatu nahi dute, herritarron erabakitze eskubidea barne hartuko duena, "guk erabaki ahal izateko zer nahi dugun". Egun, sektore honetako enpresekiko dugun menpekotasuna hausten joan nahi dute, izan ere haien "esku eta kontrolpean" segitzen baitugu Sortaldeko sustatzaileen esanetan.

Atzo aurkeztu zuten jendaurrean Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatea, orain arte jorraturiko bidean Udalak lagundutako parte hartze prozesutik 30 herritarren artean eraturiko kooperatiba, aipatu moduan, Sortalde izenekoa. "Egungo eredu energetikoari alternatibak aurkezteko bildu gara Sortalden", adierazi zuten Sutegiko auditorioa bete zuen hitzorduan. 

Kooperatibaren barrunbeak
Irabazi asmorik gabeko komunitate integrala izango da Sortalde, tokikoa; ziotenez, "kontsumo eta lan elkarteko kooperatiba". Haien esanetan, "Usurbilgo baliabideak modu kolektiboan erabili eta energia berriztagarriak" sustatzea izango du xede nagusia.

Lankidetzan oinarrituko du haien jarduna. "Parte-hartze ahalik eta anitzena dugu helburu. Inor kanpoan utzi gabe, herritar, eragile, enpresa eta tokiko entitateen arteko elkarlanean" ariko dira.

Bi bazkide mota izango ditu nagusiki; %80a kontsumitzaileek osatuko dute, beste %10a langileek etorkizunean eta geratzen den gainerako %10a bazkide laguntzaileek. Artezkaritza kontseilua ere osatu dute Sortalderen baitan; lau kontsumitzaileez, langile batez eta bi bazkide laguntzaileez osaturikoa. Hiru batzorde ditu Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateak: barne kudeaketaz, komunikazioaz eta proiektuez arduratzeko. 

Izana hori, hortik izena jartzera ere igaro da denbora tarte honetan aipatu komunitatea. 30 bat bazkideek sortu zuten bilgunearen baitan egindako galdeketatik atera zen Sortalderen izena. Sortalde, ekialdia, eguzkia ateratzen den aldea. Horrekin batera, izenak bere baitan darama "sor", sormenari erreferentzia egiten diona. Izenarekin batera, irudia ere aurkeztu zuten.