Usurbilgo PSE-EEk txalotu egin ditu Madrilgo Kongresuak onartutako dekretuak

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 25a, 10:21

Bere poztasuna agertu du Usurbilgo PSE-EE udal taldeak Madrilgo Diputatuen Kongresuak onartutako dekretuekin. Izan ere gogorarazi dutenez, "pentsioak % 3,8 igo dira eta Gipuzkoak 11 milioi euro inguru jasoko ditu, Gipuzkoako pentsiodunei zuzenduta, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko".

Usurbilen ere ehunka herrikide baliatuko dira dekretuon onurez. "Neurri horiek 1.500 pertsona ingururi eragingo diete zuzenean Usurbilen, eta PSOEri esker, pentsioak handituko dituzte, pentsio duinen eta nahikoen politika betez. Helburua da, adinekoek konpentsazioa jasotzea Espainiako Gobernuaren eskutik, lan eta esfortzu handiko bizitza baten truke".

Pentsioez gain, Usurbilgo PSE-EE taldeko bozeramaile Petri Romeroren esanetan, "Gipuzkoak, eta ondorioz Usurbilgo herritarrek, 14 milioi euro baino gehiago jasoko ditu Espainiako Gobernutik MUGI tarifetan deskontua mantentzeko. Asko dira Usurbilgo herritarrak, garraio publikoa egunero erabiltzen dutenak. Horrela, garraio publikoarentzako hobari eta laguntza zuzenen multzoa mantentzen dela ziurtatzen da, Usurbilgo herritarrei MUGI txartelaren bidez garraio publiko kolektiborako eskubidea bermatuz".

Gai honen ibilbidea ekarri nahi izan du gogora Romerok. "PSE-EEtik gogorarazi dute sozialistak izan zirela aurreko legealdian "borroka politiko latza" izan zutenak deskontu horiei eusteko MUGI txartelaren erabiltzaile gipuzkoarrentzat. Horren harira, Romerok esan du borroka "irabazi" egin genuela "lehia izanda ere garraio publikoa erabiltzen duten herritarrei mesede egin nahi ez zietenen aurka". Gure marra gorrien eta printzipio alderdikoien gainetik jarri ditugu gure jendearen interesa eta bizi-kalitatea. Besoak ireki ditugu eta hitz egin eta hitzartu dugu".

"Espainiako beste gobernu bat dago"
Pozgarritzat jo dituen erabakiokin, Petri Romero Usurbilgo sozialisten bozeramailearen esanetan, "uztailaren 23an gipuzkoarrek Espainiako Gobernuaren inbertsioak, ongizatea hobetzeko laguntzak eta bizi-kalitatea jasotzeko botoa eskatu genuen. Eta horren azalpena Gipuzkoara eta, ondorioz, Usurbilera iritsiko den lehen neurri-sortan dago. Legearen eta ekonomiaren aldetik ezkutu soziala sendotzen duten beharrezko baliabideak artikulatzea da kontua".

Ildo horretan, gaineratu duenez, "Espainiako beste gobernu bat dago, euskal herritarren laguna, beren eskubide historikoak, subiranotasuna eta autogobernua errespetatzen dituena, bizi-kalitatearekin, ongizatearekin, inbertsioekin eta gure jendearentzako laguntzekin konprometitua. Gure Euskadi honetan, gehien dutenek eta gehien irabazten dutenek zerbitzu publikoen sareak oinarrizko eskubideak eskuratu ahal izateko gehiago ordain dezatela, guztiok irits gaitezen, bizi garen lekua eta ditugun baliabideak edozein direla ere, gure ametsak iristen diren arte".