Argia Sariak banatuko dituzte gaur Atxegan

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 26a, 07:08

Atxega Jauregia hautatu du aurtengoan ere Argiak, euskarazko komunikazioaren 35. sariketa entzutetsurako.

Euskarazko komunikazioaren sariketa entzutetsua bueltan izango da berriz ere Usurbilen. Urteroko ohiturari segida emanez, ostiral honetan, urtarrilaren 26an banatuko dituzte sariok Atxega jauregian. Argiak aurreratu moduan, "hedabideetako eta kulturako ehundik gora lagun bilduko dira" hitzordu horretan, arratsaldeko 13:00ak aldera.

Denen talde argazkia aterata, bazkalostean izango da ekitaldi nagusia, 16:00ak aldera. Bost sari banatuko dituzte: entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, prentsa, internet eta komunikazio kanpaina alorrei lotutako sari bana. "Ez dute dirusaririk saridunek baina Argiaren aitortzarekin batera, Antton Mendizabal eskultoreak egindako garaikurra emango zaie. 1991tik banatzen dira bere lanak", azaldu du Argiak.

Proposatzeko aukera
Sariotarako hautagaitzak proposatzeko tartea bideratu zuten antolatzaileek azaroan. "Urtero bezala, Argiako lantaldeak erabaki du euskarazko komunikazioan nor nabarmendu den 2023an".  

Iaz, gogoan izan, udalerri honekin lotura duten bi egitasmo saritu zituzten:
Entzunezko Argia Saria Iñurri elkartearen (Min)bizi podkast-ak jaso zuen eta Interneteko Argia Saria euskal Mastodon komunitatearen sustatzaileek, tartean Asier Iturralde herrikideak.